“Saharar errefuxiatuen egoera muturrekoa da, haurren artean desnutrizioa da nagusi”

2021-12-17
Saharar herritarrei giza laguntza helaraztearen premia nabarmendu dute gaur, Metropoli Forala saioan, Tindufeko erreuxiatuen kanpalekuetatik Iruñera itzuli berri diren Eñaut Landak eta Garazi Etxebarriak. Gerra eta COVID19aren kontura, azken bi urteotan apenas jaso duten nazioarteok laguntzarik Aljeriako kanpalekuetan bizi diren milioi erdi lagunek, eta horrek ondorio birrintzaileak izan ditu. “Haurren artean desnutrizioa da nagusi. Lehen baino elikagai gutxiago dago, eta jende gehiagoren artean banatu behar da, gerraren kontura Sahara liberatutik hainbat jende joan baita kanpalekuetara, eta gerran ari direnei ere janaria bidali behar zaie”. Eñaut Landaren arabera, “Maroko nazioarteko prentsan isilarazten saiatzen ari da Fronte Polisarioarekin zabalik duen gerra”, eta “Mendebaldeko hedabideak interes horiei men egiten ari zaizkie”. Baina, Etxebarriaren arabera, gerra egon badago: “Jende asko hiltzen ari da, militarrak zein zibilak, Marokok hori ezkutatu nahi badu ere”. Landak lehen aldia zuen Tindufen. Etxebarria hamar aldiz joan da. Uda askotan mutil saharar bat etxean hartu du, seme moduan. Mutikoaren familiarekin lotura estua du, eta “oso gogorra” egiten zaio egoera: “Gerrara doaz sei hilabeterako. Familiak ez daki itzuliko diren, zer gertatuko den, zerbaiterako balioko duen”. Hori guztiori horrela, sahararrei giza laguntza helaraztearen premia nabarmendu du Landak, egoera muturrekoa baita: “Ez da erraza, baina Nafarroan eta Euskal Herri osoan zorionez badira elkarte asko Sahararen alde lan egiten dutenak, eta haiengana joz laguntza eman daiteke”. COVID-19aren kontura egoerak okerrera egiten ez badu, datozen hilabeteotan hainbat elkartasun karabana bidaiatuko dira Euskal Herritik errefuxiatuen kanpalekuetara.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak