UDALETIK 05-24

2018-05-24
1.- LEKEITIOKO EUSKAL ZINE BILERAN LANAK AURKEZTEKO EPEA ZABALIK Aurtengo Euskal Zine Bileran film laburrak aurkezteko epea irekita dago jada. Zinearen mundua gogoko baduzu eta zure lana, amateur zein profesionala izan, publikoaren aurrean erakutsi nahi baldin baduzu, eman izena abuztuaren 3a aurretik. Parte-hartzeko sartu www.zinebilera.com webgunean eta bete izen emate orria, bertan zehaztuko zaizkizun betekizunekin. Zure lana publikoki ezagutzera emateaz gain, sari edarrak irabazteko aukera izango duzu! 2.-LEKEITIOKO ONDAREAREN INGURUKO DOSSIERRA IKASTETXEENTZAT Lekeitioko ondarea eta historia ikasleengana hurbiltzeko asmoz, Udalak beka bat atera zuen iaz ikastetxeekin elkarlanean. Ondorioz, herriko kultur eta natur ondareari dagokion dossierra osatu zen eta, orain, ikastetxeen esku jarriko da, hurrengo ikasturteetan material didaktiko gisa erabil dezaten. Helburua, etorkizuneko gazteek herriko ondarea ondo ezagutzera da. Dossier honetan lantzen diren gaiak kronologikoki ordenatuta daude, besteak beste, geografiaz aparte, aztarna arkeologikoak, artea, hizkuntza, folklorea, ohiturak..., bakoitza bere garaian kokatuz: historiaurrean, garai erromatarrean, erdi aroan, aro modernoan edo aro garaikidean. Gainera, laster, dossier hau lekittar guztien esku jarriko da www.lekeitio.eus webgunean. Adi!!  3.- HURRENGO EGUNETAN: EUSKAL ERROMERIA, UMEEN ESKOLARTEKO OLINPIADEN FINALAK ETA “AURREIRITZIAK APURTZEN OGIBIDEETAN” MAHAI INGURUA Asteburu honetan ere, ez dago aspertzerik Lekeition.. Zapatuan, maiatzak 26, Euskal Erromeria ospatuko da egun osoan zehar. Zaletxuak Kultur Elkarteak antolatuta, 12:00etan plaza merkatuan hasi eta herrian zehar kalejira izango dugu Txikirri-Txikirri taldearekin. Arratsaldean, 18:30etan erromeria plazan Trikizio taldearekin eta ondoren, 19:30etan Baigorriko Gaiteroak. Bestalde, domekan, 10:30etatik aurrera, Tximista Atletismo taldeak antolatutako umeen eskolarteko olinpiaden finalak ospatuko dira plazan. Era berean, gogoratu, Juan Carlos Morant Intxaustiren “Estetika Naufragoentzat” erakusketa izango duzuela ikusgai domekara arte Barandiaran Aretoan. Bestalde, hurrengo ostegunean, maiatzak 31 “Aurreiritziak apurtzen ogibideetan” mahai ingurua egingo da arratsaldeko 7etan Kultur Etxeko Azkue Aretoan, Udaleko Emakumea eta Berdintasun Batzordeak antolatuta. Lekeitiokoak diren neska suhiltzaile, udaltzain eta zientifiko baten eskutik jakingo dugu, zer nolakoa den maskulinizatuak dauden ogibideetan aritzea eta beraiek ere badaudela ikusaraztea. Iranzun Mentxaka kazetaria izango dugu moderatzaile.  4.- ETA AMAIERAN…ITSASONTZIEN MAKETAK BILATZEN ARI DIRA ERAKUSKETA EGITEKO Lekeitioko Untziola elkarteak itsas maketen erakusketa egingo du ekainaren 29tik uztailaren 1era Barandiaran aretoan. Horretarako, Lekittarrek egindako maketak bilatzen ari dira. Erakusketarekin itsas tradizioa gazte zein nagusiengana hurbiltzea bilatuko da, itsasontziek Lekeition utzitako ondarea ezagutzera emanez. Erakusketan parte hartzeko eta norbere itsas maketa Lekittarrei erakusteko jarri kontaktuan lekeuntziola@gmail.com helbidera mezua bidaliz edota Untziolako Tailerrera hurbilduz arratsaldero 8etatik aurrera. Noski, erakustetan Untziolako kideek eskuz egindako itsas maketak ere ikusi ahal izango dira, egunerokotasunean egiten duten lanaren erakusgarri. Baina, maketa hauek egitez gain, Untziolak beste mota bateko lanak ere egiten ditu. Animatu, beraz Lekeitioko Untziolarekin batera erakusketan parte-hartzen eta erakutsi zuen etxeetan dituzuen itsas maketak Lekittar guztien aurrean. EKAINAREN 15EAN “EZ DOK HIRU” ANTZEZLANA IKUSGARRI ZINEMAN. Izarok aurreko ostiralean Lekeitioko Ikusgarri Aretoan eman zuen kontzertuan sarrera guztiak agortu ziren eta giro apartaz gozatzeko aukera izan zuten bertan egon zirenek. Ekainaren 15ean “EZ DOK HIRU” antzezlana ikusteko aukera paregabea izango dugu arratsaldeko 20:30etan ikusgarri zineman. Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala. “Ez dok Hiru”,  Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da. Gure modukoa, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez… Baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario. Publiko helduari zuzendutako ikuskizuna da, umorezkoa eta euskaraz. Patxo Telleriak testuak sortzeko eta Mikel Martinezek, eta Telleriak berak, zuzenean antzeztuko duten estilo paregabearekin. Datorren astelehenetik Maiatzaren 28tik aurrera, sarrerak salgai egongo dira Traola estudioan eta Kultur etxean 10€ren truke. Ez galdu aukera!!!! ROMAN J ISRAEL Los Angeleseko sistema penalaren ustelkeria kontatzen du thrillerrak. Roman (Denzel Washington) ekintzaile eta giza eskubideen defendatzailea da, baina bere aholkularia hiltzen denean, ideal guztiak nahasiko zaizkio. Helburuak lortzeko, eta aberasteko, karguaz aprobetxatzen hasiko da. Horrela eroriko da gutiziak eta botereak itsututako George Pierce abokatuaren (Colin Farrel-en) tranpan.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak