OTSAIL OSTEGUNAK 2018 : Jean Errecart eta Amikuzeren bilakaera

2018-07-17
Berriki Auxtin Errotabeherek « Jean Errecart, la grande mutation » (Jean Errecart, mutazio handia) liburua agertu du frantsesez ELKAR argitaletxearen eskutik. 1945ko gerlatik landa gure lurraldearen egoera irauliko zituzten legeak izan dira. Jean Errecart, aldaketa horien erdian gertatu zen eta horien gidari ere, beste hainbatekin alabaina, alde ekonomikoan bezainbat sozialean : elektrika, ura eta bideak etxeetara ekarriz bixtan dena, baina bereziki etxetiargoaren klase sozial apalenaren altxatze ekonomikoa gauzatuz, LUR BERRI koperatifaren bidez, arto hazitakoarekin eta beste… Ohartu behar da Amikuzen, gaineratiko Baxenabarren ez bezala, laborarien %80a zirela etxetiarrak. Feodalismoari konpara daitekeen gauza ahantzi bat da orai etxetiargoa, baina imajinatu behar da lurjabe handi batzuen peko zirela hauek, etxalde ttipi batzuetan, beren ekoizpenaren erdia nagusiari zor ziotela, berak deus gutirekin bizi behar zutelarik beren familiarekin. Gerla ondoan, afermaren legeak errota itzulikaraztea ahalbidetuko du. Alabaina, aldaketa ez zen ura errekan ixurtzen den bezain aise egin ! Pare bat hamarkada laburrez, egoera trixte batetarik jali zen Amikuzeko jendartea, aldiz aldaketa orok, zerbait uzten du bide bazterrean, euskal identitatea adibidez gure kasuan, eta ongiak bere gaitzak dituelakotz berekin, gaurko begiz ikus ditzazkegu produktibismoari loturik direnak gure gainean ditugula indarrean. Aldiz, mendi eskualdean, hastapeneko egoera desberdina izanki, desberdinki egin da garapena, identitateari dohakionez konparazione. Gaualdi horren helburua, Jean Errecart-en ibilbideaz balia, garai horien oroitzeko baliatuko dugu, nundik jiten giren ikusteko, eta nolaz honaino helduak giren argitzeko. Hiru hizlari izanen ditugu bidelagun : Auxtin Errotabehere, Jean Errecart-en ibilbideaz argitzeko, Jean Claude Mailharin Amenduztarra etxetiargoak Amikuzen izan duen pizuaz eta nola gauzak aldatu diren kondatzeko, eta Batita Boloki, Etxarriko AFMReko eskolier batzuek mendi aldean eta Amikuzen zertan bermatu den garapena agertzeko asmoz eraman inkesta baten ondorioez aritzeko.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak