Asier Karreraren askatasuna exijitzeko manifestazioa deitu dute otsailaren 24ean Etxarrin

2023-02-19
Euskal presoari 3. gradua kendu dio Auzitegi Nazionalak horretarako baldintza guztiak bete arren. Otsailaren 24ean eskualde mailako manifestazioa eginen da Etxarrin, gaur prentsaurrekoaren bidez jakinarazi dutenez. Pasa den astean jakin zen Asier Karrera Etxarriko preso politikoa espetxera itzularazi zutela, ezarritako hirugarren gradua atzera bota ziotelako. Espetxe Tratamenduetako Batzordeen erabakiaren aurka egin zuen berriz ere Audientzia Nazionalak, azkenaldi honetan beste euskal presoekin egin duen bezala. Asier Karrerak ia 23 urte daramatza espetxean, urte gehienak baldintzarik gogorrenetan eta urrundua urte luzez, Madrilen, Andaluzian, Galizian edo eta Palentzian, besteak beste. Urriaren 6tik zegoen erdi-askatasunean, 3. graduan birgizarteratze fasean aurrera eginez. Astelehenetik ostegunera espetxean lo eginez, eta asteburuak etxean. Etxarri Aranatzeko bizilagunek gogoratu dutenez, legea eskuan hartuta, Asierrek baldintza guztiak betetzen ditu 3. graduan egoteko. "Zigorraren erdia baino gehiago beteak ditu, zigorraren ¾ aurtengo maiatzean beteko ditu, hortaz baldintzapeko askatasunerako eskubidea izango luke, astelehenetik ostiralera egunero 8 orduko lanaldi bat dauka... Baina, hori hala izan arren, Audientzia Nazionalak, beste behin ere, bere mendekurako gosea erakutsi nahi digu". Agerraldian gogoratu dutenez, Asierren kasua ez dela kasu isolatu bakarra. "Duela hilabete batzuk ere salaketa ezberdinak egin behar izan ditugu Xabier Atristainen, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaolaren, Joseba Arregi edota duela gutxi Asier Rodrigezen egoera berbera salatzeko. 6 preso hauez gain ere beste hamarna preso daude fiskalaren errekurtsoa dela eta, epaiaren zain". "Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politikarekin amaitzeko urratsak ematen ari garen honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, eta berriz ere, herri honek behar dituen konponbiderako eta elkarbizitzarako bide horretan oztopoak jartzen ditu", salatu dute. Legeak ezarritako bideari "oztopoak jartzeko jarrera hau" iraganeko egoerara itzultzeko nahiarekin identifikatu dute etxarriarrek. "Izugarria da 2023. urtean oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin jarraitzea", esan dute. "Baina guk argi dugu. Guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta horretarako konponbidean jarri behar ditugu, oraindik orain, mantentzen diren sufrimendu egoerak. Horrek euskal presoak etxerako bidean jarri behar ditugula esan nahi du, eta hori guztion artean egin behar dugu", azpimarratu dute. Horrelako gertakarien aurrean, salbuespenezko espetxe politika behin betikoz amaitzeko elkarlana indartzeko deia egin nahi izan dute, eta datorren ostiralean, otsailaren 24ean, arratsaldeko 19:30etan Etxarri Aranatzen “Gradu erregresiorik ez! Asier Etxera!” leloarekin eginen den eskualde mailako manifestazioaren berri eman dute.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak