Huerta de Peralta-ko grabalariak kolpatu ditu poliziak

2018-12-26
Gaurko egunarekin, Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peraltako langileek greba mugagabea hasi dute enpresak lanera itzuli nahi duten kaleratutako 4 langileak berriz onar ditzan. Goizean, Foruzaingoa lau aldiz oldartu zaie lantokiko sarrera nagusiaren ondoan zeuden grebalariei. Azaroaren 12an gertatu zen gisara, Huerta de Peralta enpresan gaur hasi den greba mugagabeak segimendu masiboa izan du baratzeetako langileen artean eta txikixeagoa ontziratze lantegikoen artean; ekoizpena egun arrunt batean baino nabarmen txikiagoa izan da. LABek salatu duenez, sindikatuak ezin izan ditu datu zehatzak lortu Greba Batzordeari ez baitiote goiz osoan enpresan sartzen utzi. Langile grebalariek goiz osoa eman dute lantokiko ate nagusiaren ondoan, bertara biltzen ziren kamioilariei eta langile eskasei informazioa ematen eta haien jarrera txarresten. "Nahi duen oro sartu edo atera izan da enpresatik. Hala eta guztiz ere, eta inolako probokaziorik egon gabe, Foruzaingok lau aldiz jo du grebalarien kontra eta haren bulkadek eta borrakadek hainbat zauri eta ubeldura sortu dituzte grebalarien artean", salatu du LAB sindikatuak. Foruzaingoak Guardia Zibilaren eta Azkoiengo Udaltzaingoaren laguntza izan du grebalarien aurkako jardueran. Eta hori guztia enpresako lehen jabearen begiradapean gertatu da, inguruetan paseatzen egon baita. Ahotsa.info-k bere iritzia jaso nahi izan du, baina adierazpenak ez zituela eginen esan die kazetariei. LAB sindikatuak "irmoki" salatu du Foruzaingoaren jarrera, "batere beharrezkoa ez zen bortizkeria" erabili duelako. Enpresako jabearen jarrera ere salatu du sindikatuak, "negoziazio lasai baten oinarriak paratu beharrean grebalariak probokatzen eta seinalatzen ibili" delako. LABek prest agertu da enpresarekin mahai baten bueltan esertzeko kaleraturiko lau langile horiek berriz hartzeko helburuarekin. Lanuzteaz gain, greba mugagabearen lehen egun honetan, langileek elkarretaratzea egin dute eguerdian enpresako atearen ondoan, eta 17:00etan ibilgailu karabana bat abiatu dute toki horretatik Azkoien, Martzilla eta Funes herrietatik igarotzeko. Bigarren egunean, ortzegunarekin, langileek Iruñera eramanen dute aldarrikapena, Zaragoza etorbideko 135 zenbakitik UAGNko egoitzaraino manifestazioa eginez 11:00etan hasita, eta gero han elkarretaratzea eginez. Bi urteko borroka Huerta de Peralta-ko langileen lan baldintzak oso oso txarrak ziren duela gutxi arte. LAB sindikatuak gogoratzen duenez, 130 langile baino gehiago dituen enpresa honetan gehien-gehienak pertsona migratzaileak dira. Sektore horretako Nafarroako enpresa handienetariko bat da, baina hala ere, 2017 arte ez zuen ordezkari sindikalik izan. Orduan egin ziren lehenbiziko hauteskundeak eta orain enpresa batzordeak LABeko 6 ordezkari ditu, CCOOko 2 eta UGTko 1. Hauteskunde horiek egin zituztenetik, langileen egoera nabarmen hobetu da zenbait gauzetan: aldi baterako kontratu asko kontratu mugagabe bilakatu zituzten; ordu arte betetzen ez zen hitzarmen bat betetzen hasi ziren; lan orduetan hobekuntzak izan zituzten, bai eta soldatetan ere... Langile eta LAB sindikatuaren hitzetan, horrek guztiak enpresako zuzendaritzaren "mendeku gosea piztu zuen" eta orain diziplinazko araudia erabiltzen ari da "langileen aurkako disuasio, koakzio eta errepresalia tresna gisa". Hala, anitz izan dira enpresak ezarri dituen zehapenak eta egin dituen kaleratzeak. Enpresaren jarrera "arras bidegabea" iruditzen zaio LAB sindikatuari, eta dinamika horri buelta emate aldera, enpresa batzordearen gehiengoak erabaki zuen urrats bat egitea aitzina eta azaroaren 12rako egun osoko grebara eta hainbat mobilizaziotara deitzea. Greba arrakastatsuaren ostean, enpresak diziplinako araudiaren erabilera arindu eta sindikatuari deitu zion, orduan negoziazio prozesua hasi zen langileen berronarpena lortzearren. Alta, bilkura batzuen ostean ezin izan da akordiorik erdietsi, "enpresak saleroskerietan ibili nahian eta exijentzia maila neurrigabeki igo" egin duelako, LABen hitzatean.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak