Baietza Sortzen, Miribilla: Arkaitz Rodriguezen hitzaldi osoa

2018-05-21
SORTUk ekitaldi politikoa egin du gaur Miribillako Bilbao Arena pabilioian ETAren amaierarekin batera ireki den ziklo politiko berriari bultzada emateko. Ekitaldiko hitzartze nagusian, SORTUko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez Torresek “ezker abertzalearen konpromiso sendo eta mugiezina” nabarmendu du ireki berri den zikloari bultzada emateko. Bere iritziz, ziklo berriak oinarrizko printzipio bat izan behar du ardatz gisa: “Eskubide guztiak pertsona guztientzat; norbanakoen eskubideetatik hasita gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea lortu arte”. “Zoritxarrez”, jarraitu du, “testuinguru honetan, bizikidetza eraikitzeko baino kezka handiagoa agertzen dute batzuek errelatoaren bataila irabazteko”. Zentzu horretan, ezker abertzaleari exijentziak eskatzen ari zaizkien horiei zuzendu zaie. “Egin dezatela guk geuk egin duguna: beren ardurak bere egin ditzatela”. Iraganari amore emateko eskakizunei dagokionez, “guk ez diogu inori esango zer esan behar duen eta zer ez; baina, inola ere ez diogu inori onartuko zer esan behar dugun exijitzen digunean eta are gutxiago zer pentsatu behar dugun exijitzen digunean”. SORTUko idazkari nagusiak gaineratu du errelatoaren inposaketaren gainean ezin dela bake justu, iraunkor eta egonkor bat eraiki. “Borrokari esker” Miribillako ekitaldian, Euskal Herrian borrokak ekarri duenari errepasoa egin dio SORTUk. Askatasuna helburu, sakrifiziotik, dena emaitetik hasita, militanteen ilusio eta eskuzabaltasunera. Rodriguez, bere hitzartzean, Euskal Herriaren askapen prozesuan aurrera egiteko bere konpromisoan berretsi da. “Herri hau borrokari esker irten zen frankismotik” eta gaur da eguna “78ko erregimena” eta “Espainiaren proiektua” inoiz baino ahulagoak daudena. Jarraian, nabarmendu du ezker abertzalea “funtsezko bataila politiko bat” irabaztetik datorrela, “sakoneko” aldaketa bat sortzeko baldintzak sortu dituena. Ipar Euskal Herriak lortutako erakundetze propioa ere aipatu du, Nafarroako aldaketarekin batera eta Euskal Herrian aldaketa sozialaren eta erabakitze eskubidearen aldeko gehiengoarekin batera. “Harrotasunez diogu, baina harrokeriarik gabe” “Herri honek gauza handiak egin ditu eta etorkizunean ere egin beharko ditu” SORTUren aburuz, ETAren amaierak Euskal Herriari bultzada politiko eta kulturala emateko pizgarria izan behar du. Zentzu horretan, “herri honek gauza handiak egin ditu eta etorkizunean ere egin beharko ditu”, nabarmendu du. “Orain irabaztea tokatzen zaigu”. Zer da irabaztea? Irabaztea da aldaketa politikoa gauzatzea, burujabetzaren aldeko herri-prozesu bat artikulatzea eta ezkerretik estatu bat sortzea eredu ekonomiko eta sozial bidezkoa izan dezan eta kalitatezko demokrazia eraiki dadin”. Horretarako, proiektu independentista berritu behar dela adierazi du. Horrekin batera, herri honetako jendearekin eta indar biziekin mobilizazio ziklo berri hau sustatu behar dela gaineratu du.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak