UDALETIK 06-28

2018-06-28
1.-SAN PEDRO JAIA BIHAR Bihar ospatuko da San Pedro jaia eta, Lekeitiorentzat hain berezia den egun honetan, hainbat jarduera izango ditugu. Alde batetik, 10:30etan Meza Nagusia egingo da eta ondoren, San Pedroren omenezko prozesioa, Lekittoko Musika Bandak girotua. Honen amaieran, antzinako ohitura zaharrari jarraituz, San Pedroren irudiarekin Kilin-Kalakoa egingo da portuko Santuaren aurrean. Noski, honen segidan, Kaxarranka izango dugu. Antzinako dantza ikusgarria Euskal Herrian egiten den bakarra da eta San Pedropean dantzatu ostean, Kofradia aurrean ere dantzatuko da. Eta bukatzeko, 12:30ak aldera, Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeak, Eguzki dantza edo Lekeitioko emakumeen aurreskua dantzatuko du. Belaunaldiz belaunaldi dantzatu duten soka dantza hau, San Juan egunean ikusteko aukera ere egon zen, Udaletik honen amaierako erreportajean ikusi ahalko duzuen bezala. 2.- ONDARRU-LEKITTO LASTERKETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK Irailaren 22an ospatuko den III. kostaldeko lasterketa aurkeztu du Tximista Atletismo taldeak. 16,1km izango dituen lasterketa hau Ondarroan hasi eta Lekeition bukatuko da. Gainera parte hartzaileentzako autobus bereziak jarriko dituzte, Ondarroara joan edota Lekeitiotik buelta egiteko. Izena emateko epea ere irekita dago jada eta irailaren 20a izango da azken eguna. Parte hartzeko sartu www.herrikrosa.eus webgunean! Hori bai, plaza mugatuak egongo dira eta izena ematean 15 euro ordaindu beharko dira. Informazio gehiago www.tximistatletismo.com –en. 3.- SAN PEDRO JAIA ASTEBURUAN ZEHAR San Pedro jaia bihar izango da, baina ospakizunak hasita daude jada. Gaur izan ditugun jarduerez gain, bihar, 16:30 Frontoian, Lekeitioko 13. buruz-buruko esku-txapelketako finalak, eta baita Pala eta zestako finalak ere izango ditugu. 20:00etan, Danborrada herrikoia egongo da eta 22:30etan Suzko zezena plazan. Zapatuan, San Pedro Txiki egunean berriz, mota anitzeko jarduerak egongo dira, horien artean, argazki lehiaketa, Zingan txapelketa, nola ez Buruhandiak, Don Terentzio eta Doña Tomasa kalerik kale, Irrintzi txapelketa…. Gainera, 12:00etan Salazoi eguna ospatuko da plazan eta 13:15ean, Kabanako langileei omenaldia egingo zaie Udaletxeko eskaileretan. Eta arratsaldean, “Kilin Kala” igeri lehiaketa, kirol taldeek antolatuta sardina erreak musikaz girotuta. Eta amaitzeko, domekan, San Pedro Baltza egunean, enbarkazio tradizionalen itxasoratzea, "Mª Antonia" batelaren botadura, Eguzkilore jubilatuen abesbatza, Lora eskaintza San Pedro Baltzari eta “txapela buruan eta dantza munduan” ikuskizuna izango ditugu. 4.- (ETA AMAIERAN...) ERREPORTAJEA: EGUZKI DANTZA Ekainaren 24an, San Juan egunean, Etorkizuna Dantza Taldearen eskutik, Eguzki Dantza Jaia ospatu zen. Mendeetan zehar egin den aurresku honetan, belaunaldi ezberdinetako emakume lekittarrak izan ziren protagonista. Egun, soka dantza hau San Pedro egunean egiten bada ere, aurten jatorrizko data eta ohikotasuna berreskuratuz, San Juan egunean, udako solztizioan, dantzatu zen hiru aldiz. Lehenengo aurreskua 12 emakumek dantzatu zuten goizeko 6:30etan, eguzkiaren irteerarekin batera. Eguerdian 13:00etan, 1953tik gaur egun arte dantzatzen aritu diren 60 emakumek bete zuten plaza eta denek batera dantzatu. Gainera, dantzari batek abestuta, askorentzat ezezaguna zen dantza honen melodiak duen letra ere entzun zen. Ondoren, bigarren dantzaldia egin zuten 12 dantzarik. Bukatzeko, 20:00etan eguzkia izkutatzean, hirugarren soka dantza osatzen zuten 12 emakume irten ziren plazara. Belaunaldiz belaunaldi dantza herrikoi hau mantentzea lortu duten emakume guztiei zuzendutako omenaldi honetan, Lekeitioko Itxaropena Txistulari elkarteak eta Lekeitioko Musika Bandako txistulariek jo zuten aurreskuaren melodia. Etorkizuna Dantza Taldeak oraindik aurrera, San Juan eguna asteburuan denean, Eguzki Dantza Jaia ospatuko du aurten egin duen moduan, San Pedro eguneko emanaldia betiko moduan mantenduz. KUKAI DANTZA KONPAINIAREN “OSKARA PLAZARA” IKUSKIZUNA UZTAILAREN 27AN. Ikusgarri Aretoan ikusi ahalko duzue iluntzeko 20:30etan. Eskuratu zure sarrera datorren astelehenetik aurrera Kultur Etxean edo Traola Estudioan 10€-ren truke. Ez galdu aukera.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak