Miguel Elordi Egurrola (1916-2018, Gasturu. BERRIATUA)

2018-05-08
Berritxun era bat errotuta bizi izan da Miguel. Baserritarra ogibidez, Gasturu baserrira eta herrira lotutako bizitza izan dute berak eta bere familiak. Aita WEAE-ANVko zinegotzia izan zen errepublika garaiko Berriatuako udaletxean eta gerra ondorengo alkatea, 30 urtez. Hogei urte zituen gerra gure inguruetara bete-betean etorri zenean eta Gasturu inguruan zuzeneko borrokarik bizi ez bazuen ere, laster pairatuko zuen bere bizitza osoko pasarterik gogorrenetarikoa. Beharrezko adina izanik, aginduz, soldaduzkan zen Doroteo Elordi anaia. Istripu bat tarteko, etxean zegoen zauriak sendatzen. 1936ko urriaren 4ean gerra lerroak finkatu egin ziren, matxinoek Ondarroa eskuratu zuten eta, lerroen artean, Gasturu baserria matxinoen eremuan geratu. Egoera horretan bizimoduarekin jarraitzeko premia zutenez, goiz batean Doroteo eta biak Gasturuko basoetara joan ziren garbiketa lanak egitera. Mendien babesean, arriskutik kanpo zirelakoan zeuden, baina Larruskaindik Ondarroarako biltegietara ura garraiatzeko hoditeria kaltetzeko asmoarekin errepublikazaleen hegazkin batek jaurtitako bonbek bete-betean harrapatu eta txikitu zuten Doroteo anaia, 1936ko urriaren 26an. Laurogei urtetik gora pasatu badira ere, testigantza jasotzerakoan erabat unkitu zen Miguel. Umorez betea, baina oroitzapenak gogoan, herriko hainbat gertaera eta gerraren ondorioz hildako berriatuarren inguruko zehaztasunak kontatu zizkigun; baita anaia hilda izan arren, Doroteoren kintada bukatu arte ezin izan zela libratu gerrara joatetik. Infanterian egin zuen gerra eta behin bere taldea inguratuta, preso hartu ondoren ausardiaz bete eta ordu batzuetara ihes egitea lortu zuela. Berak testigantza gogoan hartzekoa delakoan, bideo honetan testigantza jasotzerakoan kontatutako pasarte batzuk aurkituko dituzue.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak