UDALETIK 04-19

2018-04-19
UDALETIK 4-19 1.- ASTEBURU ZORAGARRIA TXIMISTA ETA ISUNTZARENTZAKO Tximista taldeko neskak Valentzian ospatu den Espainiako atletismo txapelketan egon dira asteburuan. Bertan, nagusiak bigarren geratu dira zilarrezko domina irabazi dutelarik eta txikienak hirugarren. Hortaz, emaitza zoragarriak lortu dituzte, zorionak! Era berean, Isuntza arraun elkarteak Sestaon izandako Bizkaiako txapelketako finaletan parte hartu zuen, alebin mailako nesketan zilarrezko domina lortu dutelarik. Gainera, liga garaipenaren sariak ere jaso dituzte alebin mailan neskek eta infantiletan mutilek. Zorionak zuei ere! Badago Kirol harrobia Lekeition!! 2.- ASTEBURUKO EKINTZAK: MUSIKAIA EGUNA ETA MENDI MARTXAN IZENA EMATEKO AZKEN EGUNAK Bihar, apirilak 20, Musikaia Musika Eskolaren eguna ospatuko da hirugarren urtez jarraian. Egun berezi honetan, hainbat ekintza burutuko dituzte musika eskolakoek. Beraz, animatu eta hurbildu Musikaiaren jaira! Bestalde, gogoratu Lekeitioko Mendi Martxan izena emateko azken eguna apirilaren 22an izango dela, berau barne. Beraz, mendi martxara joatekoa bazara, apuntatzeko egun gutxi batzuk dituzu. Mendi Martxa apirilaren 29an ospatuko da eta bi ibilbide izango ditu, bat 22,2km-koa eta bestea 11,5-ekoa. Izen-ematea zein ordainketa online egin daiteke www.lekeitio.eus udal webgunean edota aurrez aurre Santi Brouard Kiroldegian. 3.- LEQUEITIOKO (MEXIKO) HERRI LUR MANDATARIA ETORRI ZAIGU BISITAN Seguru noizbait esan edota pentsatu duzula Lekeitio bezalako herririk ez dagoela munduan. Ba badirudi baietz, izen berekoa bai behintzat, eta munduaren bestaldean dago, Mexikon hain zuzen ere. Eta aste honetan, bertako ordezkaria den Alfonso Aranzabal etorri zaigu bisitan. Baina gure Lekeitio eta Mexikokoak antzekotasun oso gutxi dituzte, izena besterik ez Alfonsoren ustetan. 4.- ZINEA JUEGO DE LADRONES Egunero, Los Angeleseko Erreserba Federalaren bankuak 120 milioi dolar eskudirutan ateratzen ditu zirkulaziotik. Lapur trebatu talde bat euren azken lapurreta handia prestatzen ari da 120 milioi horiek lapurtzeko. Baina Los Angeleseko Sheriffaren departamentuak, Nick Flanagan (Gerard Butler) buru duen hiriko brigada beldurgarrienak, ez dio erraz jarriko. 5.- EGURALDIA Gaur, oro har, eguzki giroa nagusitu da, arratsaldez hego/hego-ekialdeko haizea nagusitu eta brisa sartu da kostaldetik. Tenperatura maximoak apur bat jaitsi dira baina hala ere beroak izan dira. Barikuan giro egonkor eta atseginarekin jarraituko dugu. Zerua garbi agertuko da, hego-ekialdeko haizeak joko du eta tenperaturan ez dugu aldaketa handirik sumatuko, beroenak 22-26 ºC artean ibiliko dira. Zapatu goizean zeru urdinarekin esnatuko gara, arratsaldetik aurrera goi hodeiren bat sartuko zaigu, baina ez dute zerua estaliko. Tenperaturak antzekoak izango dira. Domekan iparraldeko haizea bueltatu eta tenperaturak zertxobait jaitsiko dira. Arratsaldetik aurrera ekaitz hodeiak garatu eta gauerantz zaparrada trumoitsuak izan genitzake. Datorren astean iparraldeko haizearen eraginez giroa hoztuko da, baina ez da prezipitaziorik aurreikusten. 6.- ERREPORTAJEA: MENDIETA ONTZIOLA Hainbat mendetan zehar, Euskal Herriko portuetako ontzigintzak itsasertzean kokatzen ziren ontziola txiki tradizionaletan zuen oinarria. Bertako artisauek garaiko teknikak erabiltzen zituzten itsasontziak konpondu eta zaharberritzeko. Horietako bat Andres Mendieta izan zen, Mendieta ontziolaren sortzailea. 1885etik 1993ra bitartean Mendieta familiako kideek ontziola honetan lan egin zuten. Gainera, Lekeitioko ontziola honek garrantzi handia izan zuen sektorean. 1993. urtera arte mota ezberdinetako ontziak eraikitzen ziren ontziola honetan, horien artean, txalupa, traineruak eta atun eta legatz arrantzarako itsasontziak. Gaur egun, ontziolan aurkitzen diren material guztien inbentarioa egiten ari da dira, garai hartan nola lan egiten zuten aztertzeko. Gainera duen balore historiko handiaren ondorioz Ondare Monumentu bezala izendatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2010. urtean. Guzti honegatik, Udala beste administrazio batzuekin batera, lanean dabil ontziola berreskuratzeko.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak