Gasteiz bizirik, #HerriaBizirik!

2017-08-31
Bizia izaten ari da uda. Hondartza eta mendietaz gozatzeko aukera, aspaldiko lagunekin topo egin, kontzertuak aire librean, herrietako jaiak antolatu, dantza egin.... Baina aurtengo uda berezitasun batekin etorri zaigu. Turismoaren eztabaida mahaigaineratua izan da. Botere mediatiko eta ekonomikoek gazteri borrokalaria kriminalizatzeko saiakera egin dute ordea. Postala nahi zuten moduan ez zaielako atera haserretu dira. Erroan dagoen eztabaida saihestu nahian, fokoa desbideratu dute euren pribilegioak agerian geratu ez daitezen. Izan ere, turismoarena adierazle bat besterik ez da, sistema politiko eta ekonomiko zehatz baten udako adierazlerik argiena. Uda honetan beste behin ere gazteok esplotatuak izan gara. Lanik prekarioenak hartzera kondenatuak. Etxebizitza luxua bilakatuta, berau lortzeko aukerak geroz eta urrunago ikusten ditugu gazteok. Amalurrarekin gozatzea ukatzen digute, “Larrun 2020” bezalako proiektuekin denon lurrak suntsitzen dituztenek, negozioa egiten duten bitartean. Abuztua bukatzear den honetan, ikasturtea zabaltzen duten diskurtsoak entzuten hasiak gara. Baina ez dugu inor entzun udan eraildako langileak aipatzen, gazteok pairatzen dugun esplotazioaz hitz egiten edota langile borrokek, Gasteizen uda honetan agerian geratu denez, oinarrizko eskubideak betearazteko beharrezkoak direla esaten. Gazteok jakin badakigu, sistema kapitalista heteropatriarkalarekin bukatu artean, zapalduak eta esplotatuak izaten jarraituko dugula. Burgesia erregionalistek sustatzen duten herri eredu honekin, gutxi batzuek poltsikoak betetzen jarraituko dutela, gehiengoa garenon kontra. Gaurkoan, turistei saltzen zaien ereduaz haratago joan nahi izan dugu ezkutatzen dituzten zapalkuntzak agerian utziz. Baina erroan dagoena da herri ereduen arteko talka. Izan ere, sistema bera ustela da eta PPNV eta beste batzuek haien negozio propioak egiteko baliatzen dute. Burgesia erregionalistaren mesedetan dagoen herri eredu batean sakontzen jarraitzen badugu, memoriarik gabeko herri bat eraikiko dugu. Emakumeok objektu bilakatu eta biolentzia matxistaren pean bizitzera behartuko gaituzte. Mozal legearen bitartez edozein disidentzia ixilarazia izango da. Preso politikoak egoten jarraituko dute. Bi estatu inperialisten artean herri zatitu eta zanpatu batean aurkituko gara. Gazteok emantzipatzeko aukerarik gabe biziko gara... finean, gazte eta herri sektoreen interesak albo batera utziko dira, eliteen interesak bete ahal izateko. Euskal gazteria ixilik eta sumiso nahi dute, baina guk aspaldi egin genuen hautua. Guk Euskal Herrian bizi eta borrokatzea aukeratu dugu. Borrokan bizirik eta ilusioz beste herri bat eraikitzen gabiltzan gazteak gara. Gure herrian bizi nahi dugu, gure herria bizi nahi dugu. Postaletako herriaren aurrean, borrokatu eta eraiki dezagun bizirik dagoen herria! Postalen atzean bagara, Herria Bizirik!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak