Manex Agirre: "Euskaldunok euskaraz funtzionatuko duen Estatua behar dugu"

2018-05-08
Begirada arabarra ekarri dugu gaurko Plaza Hutsera: Manex Agirre (Aramaio, 1982). Aro politiko eta sozial berri honi euskarari begiratu dio. [Zure galdera edo ekarpenak egin ditzakezu https://m.facebook.com/story.php?story_fbid=2024432994438878&id=2010664939149017 orrialdean. Astelehenean argitaratuko ditugu Manexen erantzunak]. Euskara teknikari eta bertsolariaren iritziz, euskalgintzaren energia, apaldu barik, aldatu egin da eta belauinaldi gazteagoek beste modu bateko gogoeta egiten dute. “Badago indarra eta lanerako prest dagoen jendea”, adierazi du. Ametsa helburu denean, gero amets hori doitzeko joera dagoenez, euskarak aurrera egiteko planifikazio ausartak beharrezkotzat jotzen ditu, planifikazio mailakatuak, errealistak, “plangintzakerietan” erori gabe. Historikoki, administrazioak hartu beharreko ardura hartu izan dute euskalgintzak eta herri mugimenduek, Agirreren arabera. Benetako administrazio euskaltzale bat bagenu, euskalgintzak ez luke ardura hori bere gain hartuko. Aurrera begira, ardura banaketa erreal bat gauzatu beharko litzateke. Orain arte hartu ez duen papera bere gain hartu beharko luke gobernuak, Jaurlaritzak: administrazio euskaldun bat behartu behar du, eta hizkuntza gutxituaren alde jardun. Bakoitzak bere ardurak modu kontsekuente batean hartu beharko lituzke. Ardura banaketa egin ondoren, planifikazio komun bat egin beharko litzateke. Agirren uste du herri burujabea izateko, borrokarako ardatzetako bat izan beharko litzatekeela borroka linguistikoa. XX. mendean gehiegi azpimarratu bada ere, beste borrokekin loturak aurkitu behar ditugu, gizartean pil-pilean dauden beste borrokekin. Justizia politikoarekin lotu nahiko luke euskararen normalizazioaren aldeko aldarria. Munduari zer garen erakutsi nahi hori atzean utzi beharko genuke. Munduari begiratzeko modu berri bat aldarrikatzen du. Sinistuta dago, gainera, euskaldunok euskaraz funtzionatuko duen estatua behar dugula. Munduan leku bat izateko eta burujabe izateko egitura politiko eta administrabibo eraginkorrena estatua da. Horrek zerikusi zuzena du herri horrek harremanak artikulatzeko duen moduarekin, alegia hizkuntzarekin. Gure burua egituratzeko modurik eraginkorrena estatua bada, eta gure burua eta harremanak egituratzeko lan-tresna eraginkorrena hizkuntza bada, bi horiek harremana izan behar dute. www.plazahutsa.eus @plazahutsa
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak