KHERAU - BANOA
KHERAU talde bizkaitarrak bere hirugarren diskoa aurkeztuko du datozen egunetan, 2021eko irailean, ELKAR argitaletxearen zigilupean. Diskoa 2020ko urtarrilean grabatzen hasi zen arren, asko luzatu da prozesua, pandemia tarteko. BANOA aurrerapen abesti honi nolabaiteko country kutsua aurkitzen badiogu ere, diskoa bere baitan oso anitza izango da estilo aldetik.
Kherau proiektua sortu zenetik hamalau urte pasa dira oztopoak oztopo,“Phrolck” musika egiten: euskal musika herrikoan errotuta baina urrats bat harago. Azken disko honetan blues, gospel edo countryaren ikutua nabaria da, “Kherau”-soinu propioa eta herriko melodiak baztertu gabe. Hitzak eta konposizioak pertsonalagoak, malenkoniatsu edo festarako aproposak, baina inoiz baino zainduagoak, proiektuak hemendik aurrera hartuko duen etenaldian zapore onarekin uzteko asmoz. Hurrengora arte!