UDALETIK 11-15

2018-11-15
UDALETIK 11-15 1.- AZAROAREN 11N IZANDAKO GERTAKARIAREN INGURUKO ADIERAZPENA Lekeitioko Udal Gobernuak irmoki gaitzesten ditu herrian azaroaren 11ko goizaldean bi lekeitiarrek jasandako erasoa. Udal gobernua mota guztietako biolentzien kontra agertzen da eta onartezina eta oso larria da herrian halakorik gertatzea, are gehiago, izandako ondorio bortitzekin. Beste behin, emakume batek irain matxistak jasa zituen, hau da, eraso sexista bat oinarri duen gertakari baten aurrean gaude. Udal gobernuak bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi die erasoa jasotako emakumeari eta bere defentsan atera zen gizonezkoari eta istiluetan egondako zaurituak ahalik eta arinen sendatzea espero du. 2.- UDAL TASA ETA ZERGEN %2,3KO EGUNERATZEA EZARRIKO DA Azken lau urteetan igoerarik izan ez duten udal tasa eta zergak gaurkotu egingo dira. Kontsumorako Prezioen Indizeak %2,3ko igoera izan du eta hori da, hain zuzen, tasa hauek eguneratzerakoan kontuan hartu dena. Lekeitioko Udalaren egoera ekonomikoa oso ona da, baina prest egon behar da hurrengo urteetan izango diren erronkei modu jasangarrian aurre egiteko. Besteak beste, ondasun higiezinen gaineko zerga, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, zaborren bilketa, kiroldegiko abonuak, hilerriak, merkatuak eta hirigintzako baimenetan ezarriko da igoera hau. Aldiz, kirol ikastaroen tasak eta egun dauden hobari fiskalak mantendu egingo dira. Aipatutako udal tasen eguneratzea urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko dira. Bestalde, udal langileen soldatak ere eguneratu egingo dira eta 2018ko soldatak %1,75 igotzea onartu du, atzeraeraginezko izaeran ordainduz. 3.- ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO KULTURAKO TEKNIKARIAREN HAUTAKETA PROZEDURA Hautaketa-prozesua deitzen da, lehiaketa sistema askearen bidez, errelebu lan-kontratupean lan egingo duen Kulturako teknikaria hautatzeko. Lanpostuaren erantzukizun nagusiak udalerriko kultura arloko jarduerak sustatzea, programatzea, zuzentzea eta gainbegiratzea izango da. Aurkezteko epea 2018ko azaroaren 23ra arte egongo da irekita, hau barne. Informazio gehiago www.lekeitio.eus webguneko lan-poltsak atalean. 4.- BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETAREN FINALAURREKOAK OSPATUKO DIRA LEKEITION Abenduaren 1ean, Bizkaiko Bertsolari txapelketaren finalaurrekoak izango ditugu Lekeition arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Santi Brouard pilotalekuak goi mailako bertsolariak hartuko ditu. Besteak beste, Ander Elortegi, Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria eta Txaber Altube bertsolariak izango ditugu lehian. Lekeitiokoaren aurretik, beste bi finalaurrekoak Berriz eta Igorren ospatuko dira, azaroaren 18 eta 25ean hurrenez hurren. Sarrerak online eskuratu daitezke jada www.bertsosarrerak.eus atarian edota abenduaren 1ean, saioa hasi baino ordu bete lehenago, kiroldegiko txarteldegian. 5.- ERREPORTAJEA: BIZKAIA HAUSPOKA, BILBOKO AKORDEOI ORKESTRA SINFONIKOAREN IKUSKIZUNA Aurreko ostiralean, Bilboko akordeoi orkestra sinfonikoak jo zuen Lekeition. Nagusiak elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta eta Lekeitioko Udalaren laguntzarekin, zahartze aktiborako estrategiari lotuta dagoen Bizkaia Hauspoka izeneko ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten Ikusgarri zine aretora hurbildu zirenek. Amagoia LoroƱoren zuzendaritza pean, 14 eta 69 urte bitarteko 30 musikariek, konposizio ezberdinak aurkezten zituzten. Besteak beste, fandangoak, zortzikoak, zarzuelak, bals vienarrak edota martxa amerikarrak. Aldi berean, literatura-testuak, pertsonaia ezagunen interpretazioak eta publikoaren parte hartzea bultzatu zuten ezustekoak egon ziren. Ikusgarri zine aretoa bete beteta egon zen eta ikusleak oso pozik agertu ziren bertan bizi zuten musika-ikuskizunarekin.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak