Durangaldeko gazteok dena dugu borrokatzeko!

2017-05-02
Ekonomia gora doala esan berri du Teleberriko marionetak. Langabezia behera doala eta udarako aurreikuspenak hobeak direla. Marionetak berriz ere patronalaren ziria sartu nahian. Zorionekoak gu, enpresariek krisi ekonomikotik atera gaituzte. Gazte langileok soberan dakigu ez dela horrela. Gu gara Teleberriko estatistiketan agertzen ez diren langileak, “beltzean” lan prekarioak egiten ditugunak. Enplegu finkorik ez eta ikasketa zikloa luzatzen dugu, lan prekarioen bidez egunerokoan bizitzen dugun bitartean noski. Denboraldiko lan esku merkea gara, zerrenda beltzeko izenik gabeko langile erailak. Hemen hazten doan gauza bakarra patronalaren eta banketxe buruen ongizatea da. Ekonomiaz hitz egiten dutenean espekulazioaren irabaziak dira ondo doazen kontu bakarrak. Zorionak haientzat, kabiarrarekin eta xanpainarekin ospatuko dute Alderdi eguna. Zorionak Gibelalde eta lanbideren zerrendak, Iberdrola eta Josu Jon, Mario Cabieces eta Kutxabank …. Zorionekoak beraiek. Irabaziak ez dira kasualitate, ekonomiaren bat-bateko loraldi. Burgesiak gure lan-indarra pobretzearen mesedetan irabaziak eskuratu ditu. Hori izan da hain zuzen ere Espainiako erreforma laboralen logika, baita Eusko Labelekoena ere. Dena delako krisia bukaera batean baino berdefinizio berri batean murgiltzen ari da. Amildegia gero eta sakonago eta ilunagoa da langileontzat. Kapitalismoaren logika gainditu ezean susperraldi ekonomiko oro eliteek soilik biziko dute, zapalduon kontura noski. Kapitalaren berregituratze fase honetan ezinezkoa izango da ikuskera kapitalista batetik “krisialditik irtetea” ez baldin bada Herri Langilearen kalterako. Hortaz, Euskal Herriak erronka argia dauka erasoaldi neoliberal eta inperialistei aurre egiteko. Estatu egitura propioak eskuratu behar ditugu burujabetza osoa Euskal Herrian kokatzeko eta bide horretan klase gatazka indartu eraikitako botere gune ezberdinetatik. Hori egin ezean, autonomismoan oinarritutako EAEko eta Nafarroako erregimen neoliberal eta asimilatzailea elikatzen egongo gara. Haien erabakia eta proiektu politikoa izango ez balitz bezala, PNVk bestelako neurri batzuk aplikatzeko ezintasunaz mozorrotu ditu bere neurri neoliberalak. Gestio onaren izenean ate birakariak, Kutxabanken pribatizazioa, AHT, erraustegia eta beste hamarnaka proiektu ditu esku artean. Nafarroa Garaian ordea, aldaketarako gobernuak subiranotasunean eta ezkerreko proiektuan sakontzeko borondatea azaldu duen arren, mugak agerikoak dira. Premiazkoa da aldaketa Nafarroan eremu guztietan gauzatzen hastea, Nafarroako erregimen españolistak gure hitza eta erabakia bahituta ez izateko, gure izerdia xurgatzen jarraitu ez dezan. Soilik bide honetatik gorpuztuko dugu herri prozesu independentista bat, herri langilearen mesedetan, herriak gidatuta. Maiatzaren lehena gazte langileon eguna ere bada, Euskal Herri aske, sozialista eta feministara bidean borrokarako eguna. Ez daukagu ezer ospatzeko, asko borrokatzeko eta guztia irabazteko. Egunero da maiatzaren lehena, kalera!
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak