Bilboko neska gazteak aurrean izango gaituzue!

2019-08-16
2019ko abuztuaren 15ean gauzatutako ekimena. SEI GIZONEK EMAKUME BAT BORTXATU DUTE BILBON. NAZKATUTA GAUDE! ASKI DA! Lehenik, gure babes osoa adierazi nahi diogu erasoa jasan duen emakumeari. Tamalez, ez da azken aldian gertatutako eraso bakarra eta haserre gaude. Gizonek emakumeok bortxatu eta erailtzen gaituzte, emakume izate hutsagatik. Azkena Etxebarria parkean izan da, bihar non? Eraso matxistak normalizatu ditugu eta ez gaude horretarako prest. Eraso bakoitzeko kaleak hartu eta hiria geldiaraziko dugu! Haserre gaude talde-bortxaketa hau gertatu izanarekin eta baita zenbaiten ondorengo erreakzioekin. Erasotzaileen jatorri atzerritarra aitzakia ezin hobea izan da askorentzat begirada garrantzitsua den horretatik desbideratu eta mezu arrazistak zabaltzeko. Bilboko neska* gazteok manipulazio arrazista kondenatu eta argi diogu: bortxaketaren erantzuleak sistema kapitalista heteropatriarkalak pribilegioz bete dituen sei gizon horiek dira, euren jatorria edozein izanda ere. Hori gutxi balitz, ertzaintzak jaien testuinguruan erasoak saihesteko emandako aholkuak lotsagarriak dira. Ezin da onartu erasoen erantzukizuna emakumeongan jartzea. Kaletik bakarrik ez ibiltzeak edota edaten duguna kontrolatzeak emakumeon askatasuna murriztu eta erasotzaileak babesten ditu. Ez dugu ausart izan nahi, aske izan nahi dugu. Gizarte feminista bat eraikitzeko berme bakarra eguneroko lana eta epe luzerako begirada edukitzea dira. Mugimendu feminista aspaldi dabil horretarako lanean. Beraz entzun gaitzazue, entzun Martxoaren 8an kaleak hartu zituzten milaka emakumeak eta inbertitu prebentzioan, hezkuntzan, emakumeen ahalduntzean, sentsibilizazioan... Bukatzeko, gure babesa adierazi nahi diegu Donostiako Aste Nagusian erasoak jasandako emakumeei eta baita Donostiako Piratei. Bilboko Aste Nagusia heltzear dago eta ez dugu inolako erasorik onartuko. Erasoen aurrean, autodefentsa feministaz armatu eta gogor erantzungo dugu. Adi erasotzaile, nonahi gaude!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak