UDALETIK 03-08

2018-03-08
1.-EMAKUMEAREN NAZIOARTEKO EGUNA Emakumeak gizartean bizi dituen zuzengabekeria eta bereizketak azaleratzeko, eta batez ere, gizartean duen pisua erakusteko greba deia egin da gaur, Emakumearen Nazioarteko Egunean. Herriko hainbat tokitan kontzentrazioak deitu dituzte emakume mugimenduek 11:00etatik aurrera eta haien lanpostu eta eginbeharrak eten dituzte ordu batzuez. Aldarrikapen honekin, emakumeak gizartean duen garrantzia eta zeresana ezagutarazi nahi izan da. Lekeitioko Udalean ere grebara gehitu dira langileak. Hori dela eta, Udalean, Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan zerbitzua minimoak bakarrik egon dira 11:00etatik 14:00tara eta kontzentrazioa egin da udaletxe aurrean. 2.- LEKEITIO ETA INGURUKO EMAKUME SORTZAILE ETA EKINTZAILEEN 2. AZOKA, DOMEKAN Domeka honetan, martxoak 11, Lekeitio eta inguruko emakume sortzaile eta ekintzaileen bigarren azoka ospatuko da Lekeition, goizeko 11:00etatik 14:00tara bitartean. Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasuna Batzordeak antolatuta, azoka honek emakume sortzaile ekintzaileen lana erakutsi eta haien presentzia indartzea du helburu. Animatu eta hurbildu zaitez domeka honetan, emakume sortzaile eta ekintzaileen azokara! 3.- LAGUNDU LEKEITIOKO HIRI ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRA HOBETZEN! Lekeitioko Udala, udal plangintzan eta hirigintzan, genero-ikuspegia integratze lanean dabil. Lanak 2018an zehar garatuko dira, HAPO berriaren tramitazioarekin batera. Udalerriaren egungo egoera aztertzeko helburuarekin, herritarren iritzia ezagutzea oso garrantzitsua da. Hori dela eta, HAPO hirigintza inklusiboari buruzko galdetegia egitera gonbidatzen zaitu udalak. Inkestakwww.lekeitio.euseta Lekeitioko Udalaren facebook orrialdean aurkitu daitezke. Lanaren baitan hainbat ekintza burutuko dira, esaterako elkarrizketak eta inkestak. Nahi duenak, gainera, inkesta hauek udaletxean bete ahalko ditu, baina baita ere www.lekeitio.eus-en. Beraz, bete inkesta hau eta lagundu Lekeitioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra hobetzen! 4.- IRISGARRITASUNA HOBETZEKO, TXIRRISTADAK ETA LABANAK DAUDEN GUNEAK HOBETZEN ARI DA UDALA Udaleko kale lanen sailak, besteak beste, herria irisgarriagoa egitea du helburutzat. Horretarako, ezbeharrak sortzen dituzten guneetan mantentze eta hobekuntza lanak burutzen ari da. Lan horien artean, kaleak erosoago eta seguruago egiteko zebra bideak, irisgarritasun obrak, argiteria publikoaren mantenua eta hobekuntzak, garbitasun bereziak eta espaloien hobekuntzak egiten ari da Udala herritarren eskaerei erantzuna emanez. Hau horrela, moilako 34 pibote kendu dira eta Santa Elenan 42, azken hauetako batzuk Santa Katalinan jarri dira bertako auzokideei segurtasuna bermatzeko, bestalde Sabino Arana, Agirre Solarte eta Maria Diaz de Haroko losei edo espaloiei tratamendu berezi bat eman zaie txirristadak ekiditeko. 5.-GARI ETA BIKBANA KONTZERTUA MARTXOAREN 16AN (Kartela) Gari eta bikbanaren kontzertua ospatuko da martxoaren 16an, arratsaldeko 20:30etatik aurrera Lekeitioko Ikusgarri Zineman. "Zapran Gagoz" lelopean Euskal Eskola publikoaren aldeko kontzertua egingo du Garik eta honen aurkezpena Kirmen Uribe idazlearen esku egongo da. Sarrerak salgai daude jada Dra! dendan eta eskolapeko botikan 10€ren truke aldez aurretik erosiz gero. 4.- ZINEMA THE FLORIDA PROJECT AEBko pobreziari buruzko hausnarketa sakona, udaz gozatzen ari diren umeen bidez. Orlandoko aldirietan bizi dira Moonee – sei urteko neskatoa − eta bere ama Halley, etxerik gabeko familiak hartzen dituzten moteletako batean. Moonee beste haur batzuekin udaz gozatzen ari den bitartean, gurasoek une zailak biziko dituzte … GIRO ALDAKORRA ETA HAIZE ZAKARRA HEGOALDEKO HAIZEAK BOLADA GOGORRAK ERAGINGO DITU. Hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haizea nagusituko da egun osoan, eta zenbait momentutan harro ibiliko da. hodeitza saretua egongo da eta eguerdi partean ostarte zabalak agertuko dira. Ostiralean goizean giroa eguzkitsuagoa izango da eta arratsaldean, berriz, zerua estaliago agertuko da eta orduan euria egin dezake. Hegoaldeko haizea zakartu egingo da eta tenperatura igoaraziko du Larunbatean, fronte bat igarotzearekin batera, euritara joko du. Egunaren amaieran ostarte zabalak irekiko dira. Goizean hegoaldeko haize bizia ibiliko da, baina frontea pasa ostean ahultzera egingo du. Igandetik aurrera Hego-mendebaldeko haizea izango da protagonista eta bolada gogorrak espero ditugu. Zeruan hodeiak izango dira eta baliteke euria egitea batez ere asteartean. Tenperaturak ere zertxobait hoztuko dira.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak