UDALETIK 07-19

2018-07-19
UDALETIK 7-19 1.- ABAROA JAUREGIAREN JATORRIZKO EGITURA BERRESKURATZEKO LANAK HASIKO DIRA Abaro Jauregiaren egitura jatorrizko egoerara bueltatzeko lanak hasiko dira irailetik aurrera. Jauregia 1891an hasi zen eraikitzen, Jose Maria Abaroa lekittarrak, udarako egoitza bat nahi baitzuen. Geroago, 1940ko hamarkadan, jauregia Agustindar Errekoleto monjen egoitza bihurtu zen, eta haien beharrizanetara egokitu zen eraikina. Baina, orain dela 15 bat urte, monja hauek eraikina utzi zuten, beraientzako egokiagoa zen eraikin berri batetara joateko. Duela urte batzuk gainera, Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasuneko monumentu izendatu zuen Abaroa. Orain, zaharberritze proiektuaren barnean, aurreko hamarkadetan eraikinak jasan dituen aldaketak, hau da, bere sorrerarekin zerikusirik ez duten elementuak, kendu egingo dira eta jauregia jatorrizko elementuetara bueltatuko da. San Antolin jaietan parkea itxi egingo da eta, segurtasuna bermatzeko helburuarekin, lanak bukatu artean zarratuta mantenduko da. Lanek 2 hilabete irautea aurreikusten da eta hauek egiteaz, enpresa lekeitiar bat arduratuko da. 2.- HIRUGARREN ADINAREKIN LOTUTAKO AUZOLANDEGIAK LEKEITION Eusko Jaurlaritzak, Lekeitioko Udalak eta Uribarren Abaroa Fundazioak elkarlanean, hirugarren adinarekin lotutako auzolandegiak antolatzen ditu udaro Lekeition. Gizarte Ongizate arloa lantzea dute helburu auzolandegi hauek. Lekeitioko Auzolandegian dauden 18-25 urte bitarteko gazteek euren egonaldian, goizero Uribarren Abaroa Egoitzara joaten dira nagusiekin egotera, hauei bizipoza emanez. 2000. urtetik egiten den ekimen honek, balorazio oso positiboa izan du orain arte. Bi talde etortzen dira urtero: Lehenengoa uztailaren azken hamabostaldian eta bigarrena abuztuaren lehen hamabostaldian. 3.- HASI DA 29. KALEKA KALEKA, Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia hasi da jada, eta domekara bitartean 28 ekintzez gozatzeko aukera izango dugu. Hauen artean, antzerkiak, maskarak, zirku garaikideak, dantzak edota piroteknia ikuskizunak aurkituko ditugu. Hasteko, bihar Winston Koperland eta Urko Notredame clown-ak, Atuendos Caprichosos erakusketa, I Made Your Favourite Soup trapezista eta dantzariaren arteko elkarlana, Egurra dantza, zirkua eta musikaren bidezko herri kulturaren aldarrikapena, Enfila aire-dantza eta, ezin falta, Lekittoko Deabruen Anabasa piroteknia ikuskizuna. Zapatuan ere hainbat jarduera izango ditugu, besteak beste, It Is There Round The Corner, Lullaby, Los Mañas, Cuerdo, Escaparate Vivo, Amor eta Sinergia 3.0 ikuskizunez gozatu ahalko dugu. Eta domekan, jaialdiaren ateak ixteko antzerkia eta dantza batuko dira Sagartu, Royal Babo eta Kale Gorrian euskal konpainien lanekin. 4.- (ETA AMAIERAN…) ERREPORTAJEA: MARI ERROTA IREKITA EGONGO DA UDAN ZEHAR Marierrota Lea ibaiaren paduran kokatuta dago, itsasoratzen den gunetik metro gutxi batzuetara. Aldaketa nabarmenak izan ditu XVI. mendean eraiki zenetik. Itsas-errotak manposteriazko dike handia zuen, itsasgoran bete eta itsasbehera hasitakoan poliki-poliki ura isurtzen zuen presak, errota-makina martxan jartzen zuen. 1980ra arte zegoen errota zaharretik, dikea soilik geratzen da. 2011an, errota berreskuratu egin zen eta interpretazio zentro bihurtu. Azaltzen diren gaien artean ardoaren eta arrainaren ibilbidea dago. XV. mendetik XVIII. -era bitartean, mandazainek bertako bideak erabiltzen zituzten, Arabako Errioxako ardoa iparraldera eramateko eta Bizkaiko portuetako arraina gatzunetara ekartzeko. Lekeitioko portua ibilbide komertzial horien artean aurkitzen zen. Gai hauen eta gehiagoren inguruko informazioa aurkitu ahalko duzue Marierrotan, uztaila eta abuztuko zapatu, domeka eta jai egunetan, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak