Ezker Abertzaleak indarkeri matxista kasuak kudeatzeko barne protokolo berri bat egin du

2020-07-10
Protokoloa Indarkeria Matxistari aurre egiteko plan feminista orokorrago baten baitan kokatzen den tresna bat dela zehaztu dute, prebentzioa, trebakuntza eta gogoeta kolektiboa oinarri dituena, azken helburua ezker abertzalea indarkeria matxistarik gabeko espazio aske eta eroso bilakatzea duena. Protokoloaren bidez gertatzen diren erasoen aurreko kudeaketa koherente eta kolektiboa burutu nahi dute, klabe eraldatzailean eta erreparatzailean, jarrera zigortzaileetatik ihes eginda. Indarkeria matxista kasuak kudeatzeko barne protokolo berritua aurkeztu dute Sortu, LAB eta Ernai antolakundeek. Badira 20 urte, ezker abertzalearen Prozesu Feministaren baitan, barne protokoloa martxan jarri zela. Protokoloa urte horietan metatutako esperientzia zein lortutako kontzientziazio maila alde batetik, eta bestetik mugimendu feministaren bilakaera eta bereziki Justizia Feministaren inguruko gogoetaren emaitza dela dio Ezker Abertzaleak. "Protokoloa berritzeko kasik bi urteko prozesu luze eta mamitsua garatu dugu, alde batetik hiru erakunde horietako kideen artekoa eta indarkeria matxistan aditu eta arituak diren pertsonen etengabeko ekarpena bilduz", zehaztu dute. "Indarkeria Matxista egiturazkoa izanda, gure baitakoa ere bada. Erakundeen baitan ere, besteak beste, emakume eta gizonen arteko botere harremanak erreproduzitzen ditugu. Gaur egun parekidetasuna ez da errealitate bat geure etxeetan, lortu nahi dugun helmuga baizik", azpimarratu dute. Protokoloa Indarkeria Matxistari aurre egiteko plan feminista orokorrago baten baitan kokatzen den tresna bat dela zehaztu dute, prebentzioa, trebakuntza eta gogoeta kolektiboa oinarri dituena, azken helburua ezker abertzalea indarkeria matxistarik gabeko espazio aske eta eroso bilakatzea duena. "Indarkeria mota horiek ez dira eraso isolatuak edo eta indibidualak, eta horregatik, gure baitan gertatzen direnean kolektibo gisa interpelatzen gaituzte. Hori dela eta, protokoloaren bidez gertatzen diren erasoen aurreko kudeaketa koherente eta kolektiboa burutu nahi dugu, klabe eraldatzailean eta erreparatzailean, jarrera zigortzaileetatik ihes eginda", adierazi dute. Zentzu honetan, eraso bakoitzaren aurrean hiru erpinetako prozesua marrazten dute; erasoa jasan duen pertsona eta honen beharrak aintzat hartuko dituzte prozesuaren oinarrian, erasoa eragin duen pertsonak aitortza eta deseraikuntza bideari ekiteko duen prestutasuna beharko da, eta azkenik gertuko komunitatean egin beharreko lanketa eta gogoeta kolektiboa. "Hiru ardatz horietan oinarrituta, indarkeria matxista kasu bakoitzak prozedura edota prozesu propio bat izango du, ardatz bakoitzaren garapenerako baldintzak aintzat hartuta, eta honen araberako ibilbideak edota neurriak definituz. Prozesu orok honako oinarriak barnebilduko ditu: erasoa jasan duena erdigunean kokatzea, konfidentzialtasun eta informazioaren kudeaketa arduratsua, proportzialtasuna eta bermeak", azaldu dute.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak
hilabetea
132
urtea
3822