UDALETIK 12-13

2018-12-13
UDALETIK 12-13 2019ko AURREKONTUEN AURKEZPENA ABENDUAREN 20an Lekeitioko Udalak 2019ko aurrekontuak aurkeztuko ditu abenduaren 20an, eguena, arratsaldeko 19:00etan. Kultur Etxeko Azkue aretora hurbiltzen diren herritarrei aurrekontuen inguruko azalpenak emango zaizkie batzar zabal honetan. Aurten, lekittarrek ekarpenak egiteko 2 epe zabaldu zituen Udalak: lehenengoa urriaren 1etik 26ra bitartean eta bigarrena abenduaren 1etik 14ra, hau da, ekarpenak egiteko azken eguna bihar izango da. Ekarpen horiek whatsapp, internet edota Udaletxera hurbilduta egin ahal izan dira. Era berean, aurrekontuak abenduaren 26an egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira eta, hala badagokio, onartu. BIHAR PIZTUKO DA GABONETAKO ARGITERIA Gabonak heltzear daude eta Lekeitioko kaleak ere koloreetako argiekin beteko dira egun hauek ospatzeko. Bihar bertan, abenduak 14, 19:00ak aldera, Lekeitioko Udalak eta Kitto merkatari elkarteak elkarlanean herrian zehar jarri dituzten gabonetako argiak piztuko dira. Udaletxe aurrean izango den ekitaldi honetara hurbilduko diren herritarren artean led linternak eta karameloak oparituko dituzte Kittoko dendariek. Dendetako argiak itzalita egongo dira eta gabonetako argiteria martxan jartzean, parte-hartzaile guztiek haien led linternak piztuko dituzte. Animatu eta etorri gabonen hasiera ospatzen! ATEAKO ESKOLAKO TEILATUA KONPONTZEN ARI DIRA Atea kalean kokatuta dagoen eskola eraikinaren teilatua konpontzen ari dira egunotan. Lekeitioko Udalak konponketak egiteko eskaria egin zion martxoan Eusko Jaurlaritzari eta biak elkarlanean proiektuari hasiera eman diote. Egingo diren lanen artean, teilak aldatu eta inpermeabilizaziorako laminak jarriko dira. Hau da, teilatuaren estalkia berriztuko da, euria egiten duenean urik ez sartzeko. Eraikina Udalarena den arren, hezkuntzarako erabiltzen da eta Lanbide Heziketako ikasleentzako zerbitzu onena emateko helburuarekin egingo dira lan hauek. Teilatuaren konponketa lanek hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. ANIZTASUN ASTEA Egunotan “Aniztasun Astea” ospatzen ari da Lekeitio. Asteartean Udaletxeko pleno aretoan biztanle berriei harrera egin zitzaien eta gaur crochet eta puntuzko ehuna egiteko topaketak egin dira. Bihar, berriz, Peruren inguruko ikus-entzumeneko emanaldia emango da Kultur Etxeko Azkue aretoan 18:00etan. Bertan, herrialde honetako kultura eta ohituretan barneratuko gara Peruko Rosio Upiachichuaren eskutik. Aniztasun asteari amaiera emateko, zapatuan jai berezia izango dugu. Eguerdiko 13:00etatik aurrera Aittita Makurra txaranga eta Markinako tinbaleroen kalejirak izango ditugu. Ondoren, 14:30etan eskolako jantokian munduko janarien dastaketa egongo da, bakoitzak bere herriko plater bat ekarriko duelarik. Lekeitiarra edo beste edozein herrialdekoa izanda, animatu eta etorri bazkarira agurtzane-ongintza@lekeitio.eus edo 94 603 4100 zenbakian izena emanda! Eta Aniztasun jaia bukatzeko, 17:30etan Kultur Etxeko Azkue aretoan munduko ipuinen kontaketa egingo da Ines Bengoaren eskutik. Aniztasun astea Lekeitioko Udaleko Elkarbizitza lantaldeak antolatu du herriko eragile desberdinekin elkarlanean eta La Caixaren diru-laguntzari esker.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak