UDALETIK 09-27

2018-09-27
1.- AURREKONTUAK 2019 Udal gobernutik dagoeneko hasi dira 2019ko aurrekontuak lantzen eta, aurten ere, lekittarren ekarpen, proposamen edota iritziak kontutan izango dira, Lekeitio, zeurekin batera eraiki behar da eta! Lekeition erroldatuta eta adin nagusikoak zaretenok, urriaren 26ra arte ekarpenak egin ahalko dituzue. Horretarako, hurrengo egunetan banatuko diren esku orriak bete eta Udaleko edozein bulegotan aurkeztu ditzakezue. Gainera partehartzea@lekeitio.eus helbidera edota 656702508 whassapp zenbakira ere mezuak bidali ahalko dituzue zuen ekarpenak egiteko. Asteon, “Lekeitio zeure erara” lemapean herritarrek euren etxeetan aurrekontuen lanketa prozesua azaltzen duen orri informatiboa jasoko dute. Animatu zaitez eta parte hartu!! 2.- EUSKARA IKASLEEI ZUZENDUTAKO DIRU-LAGUNTZAK 2018-2019 ikasturtean HABEk homologatutako euskaltegietan euskaraz alfabetatzeko ikastaroak egingo dituzten ikasleak, diruz lagunduko ditu Lekeitioko Udalak, azken urteetan egin duen bezala. Gainera, eskatzailearen nortasun agiria, Lekeitioko udalerrian erroldatuta egotea eta Lekeitioko udalerriarekin inolako diru-zorrik ez izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Emango diren diru-laguntzak, egindako mailaren araberakoak izango dira. Informazio gehiago jasotzeko hurbildu Lekeitioko Udaletxera.   3.- DENA PREST KIROLEAN HASTEKO! Udazkenarekin batera, berriz kirolean hasteko garai heltzen da! Kiroldegiko ikastaroen eskaintza zabalean izena eman duten 574 pertsonez gain, igerilekua, gimnasioa eta bestelakoak erabiltzen dituzten pertsona asko etortzen dira egunero polikiroldegira. Erabiltzaileentzako kalitatezko eskaintza onena emateko asmoz, berrikuntza nabarmenak egin dira udan zehar. Spinning bizikleta berriak jartzeaz gain, bizikleta bertikal hobeak ipini eta ibiltzeko edota korrika egiteko zintak berriztu dira. Gainera, frontoia guztiz berritu eta squash pistan hobekuntzak egin dira eta kirol tresna zein espazio ezberdinen mantentze lanak egin dituzte. Horretaz gain, igerilekuko egituraren inpermeabilizazioa eta aldagelen konponketa eta mantentze lanak ere egin dira. Gogoratu gainera, ikastaroak urriaren 1etik aurrera hasiko direla. Beraz, guzti honekin, ez dago aitzakiarik ikasturte honetan ere kirolean aritzeko! 4.- (ETA AMAIERAN…) ERREPORTAJEA: IBILALDIA 2019 Azkue ikastolak, 2019ko Ibilaldiaren aurkezpen ekitaldia izan du gaur. Urte bete baino gutxiago falta da egun berezi hau ospatzeko, baina ikastola aspalditik hasia da antolakuntza lanetan. 1983an eta 2003an egin ostean, datorren urtean hirugarren aldiz izango dugu Ibilaldia Lekeition. Lehenengo aldia duela 35 urte izan zen eta aukeratutako leloa "Euskararik gabeko Euskadi, kresalik gabeko itsasoa" izan zen. Urte batzuk geroago, 2003an, Lekeitiok bigarren aldiz hartu zuen Ibilaldia eta "Dzanga geurera" lelopean herriko gune ezberdinak jai giroz bete ziren, 100.000 pertsona batuz! Maiatzaren 19an beraz, denok “haratzago” joango gara, bazatoz? ASTEBURURAKO TENPERATURA EPELAK ETA GIRO EGUZKITSUA IZANGO DUGU. Gaur uda sasoiko giroarekin jarraitu dugu. Zerua hodei gutxirekin egon da eta hego-ekialdeko haizea zakar ibili da. Tenperatura balio altuak izan ditugu, maximoak 30 ºC ingurukoak  Barikuan haizeak norabidez aldatuko du eta tenperatura suabeagoak espero ditugu. Eguraldi eguzkitsua izango dugu, nahiz eta arratsaldetik aurrera itsasaldetik behe-hodeiak sar daitezkeen. Zapatuan giro lasaia. Baliteke ipar isurialdean ostiralean baino hodei gehiago izatea. Haizea aldakor eta ahul ibiliko da goizean eta arratsaldean ipar/ipar-ekialdetik finkatuko da.  Domekan ere giroa zapatukoaren tankerakoa izango da. Zeruan hodei batzuk baina orokorrean giro eguzkitsua. Haizea ipar ekialdetik jarraituko du eta ondorioz tenperatura epelak izango ditugu. Hurrengo astea itsasotik hodeiak sartu eta giroa asko hoztuko da.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak