#NIZUBI herri ekimenak manifestazioa deitu du martxoaren 19an Bilboko zazpi zubietan

2020-02-28
Ni Zu Bi herri ekimenaren aurkezpena, Etxerat, gaixotasun larriak dituzten pertsonen aldeko plataformak eta sare Herritarren Sarea partaide Gaixotasun sendaezinen ondorioz egoera larrian dauden presoak direla-eta SARE HERRITARRA elkarteak duen jarrera islatzen duen ondorioa: Justizia Auzitegiek ezarritako kondenak presoari askatasuna kentzen dio, baina ezin dio osasunerako eta bizitzarako eskubidea ukatu. Pertsonaren berezko eskubideak dira, zigorraren baitan askatasuna kendu zaien pertsonena barne. Gaurko deialdi honen zergatia gaixotasun larri bat diagnostikatuta duten euskal presoen egoera kezkagarria azaltzea da, pertsona hauek gaixotasun hori izan arren espetxean jarraitzen dutelako. Gaixotasun larriak dituzten presoen zerrenda luzatzen ari da. Orain arte tamalez, horietako batzuk haien ziegetan hil dira, eta beste batzuk heriotza ate joka zutela askatu dituzte etxean hil zitezen. Zigor Kodearen 91. artikuluak aske uzteko eskubidea aitortzen die gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoei, baina, arau hori aplikatzeko, espetxe-administrazioak bizitza arriskuan izatea baloratzen du. Interpretazio hori aplikatzeak presoek bizitzarako duten eskubidea baztertzea dakar. Eta interpretazio hori erabili zuten, duela hilabete batzuk, José Angel Otxoa de Eribe aske uzteko. Aske utzi eta hiru hilabetera hil zen. Horregatik diogu etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula. Kartzela ez da askatasun-eskola bat, ezta osasun fisikoaren eta mentalaren arloko arazoak tratatzeko eremu egokia ere. SAREren ustez, kartzelak diseinatuta dauden bezala, inmunitaterako eta zigorrerako guneak dira, eta, horrek, definizioz, bidegabe eta gizagabe bihurtzen ditu. Espetxeak, Espainiako espetxe-administrazioaren menpean, aspalditik dira gizakien biltegi bat. Hala, Justizia Penalak bere alderik gordinena erakusten jarraitzen du: zigorrarena eta mendekuarena. Argi utzi nahi dugu ez dela gauza bera Zigor Kodeak eta Espetxeetako Erregimenak diotena eta espetxe-administrazioak horretaz egiten duen erabilera eta abusua. Legeriak hainbat ataletan jasotzen du gaixotasun sendaezinak direla-eta gaixo oso larritzat jotako zigortuek izan dezaketen egoera berezia, eta ezartzen du, dagokion osasun-txostena izanda, hirugarren gradua ezarri behar zaiela, arrazoi humanitarioetan eta pertsonen duintasunean oinarrituta. Legeri berak argi esaten du tratamendu duin bat jaso behar dutela, eta espetxeetatik kanpo jaso behar dutela. Gaixotasun larriak dituzten presoek, neurri horiek aplikatzeko eta aske uzteko, legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzte. Baina, gaur egun, preso daude oraindik ere, eta egoera hori bidegabea da erabat. Hori hala da euskal preso guztiei aplikatzen zaielako legearen babespetik kanpo uzten dituen salbuespen legedia. Osasunerako eskubidea oinarrizko eskubide bat da, baina, gainera, eskubide unibertsal bat da, pertsona guztien kasuan errespetatu behar dena, preso edo aske dauden kontuan hartu gabe. Eta, gaur-gaurkoz, osasunerako eskubidea bateraezina da espetxean egotearekin. Ez dago legerik, erregelamendurik edo araurik pertsona bati, askatasuna kendu zaiolako, osasunerako eskubidea eta tratu duina izateko eskubidea ere kendu behar zaizkiola xedatzen duenik. Eta ez dugu esan gabe utzi nahi espetxe-legeriak betetzea ezin dela Estatuaren amore ematetzat jo. Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea ez da amore ematea. Estatuko eta Europako legeria betetzea da. Garai berri baten aurrean aurkitzen gara. Euskal Herriaren gehiengo zabalak hala berresten du. Maila instituzionalean, politikoak, sindikalean zein sozialean aldarri hauekin eta egungo espetxe politika ezohikoarekin amaitzeko aldekotasuna hainbatetan eta hainbat eratan adierazi da azken urteetan. Aldaketarako adostasuna eta aurrera urratsak emateko beharra agerikoa da eta orain da horretarako unea. Auzi hau askatzeko unea da. Horregatik, Ni Zu Bi dinamikaren barruan, dei egiten dugu martxoaren 19an Bilboko zubietan elkartzera. Eraiki ditzagun ezberdinen arteko zubiak, etorkizun hobea eraikitzeko. DUINTASUNAGATIK, GIZATASUNAGATIK ETA JUSTIZIAGATIK, ETXEAN NAHI DITUGU ETA BIZIRIK NAHI DITUGU
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak