Gazteak etorkizun bila

2017-03-19
Urtero milaka gaztek hartzen dute Euskal Herritik atzerrirako bidea. Maleta etxeko oroitzapenez bete, eta herria atzean utzita partitzen dira Espainiara, Frantziara, ala urrunagoko herrialdeetara. Batzuek ikasketak egiteko joan behar izaten dute: lortutako nota bertan gelditzeko aski altua ez delako, ala, Ipar Euskal Herriaren kasuan, eskaintza oso urria delako. Beste batzuk lanaren prekarietateari ihes egin nahian joaten dira, baldintza hobeen bila. Hego Euskal Herrian 18 eta 34 urte arteko 13.110 gaztek alde egin zuten atzerrira 2015ean. Eta gehiago dira aurreko urteetan alde egindakoak: azken zortzi urteetan orotara 137.349 gazte joan dira Euskal Herritik at. Eta horri gehitu behar zaizkio Ipar Euskal Herritik, bereziki Zuberoatik eta Baxenabarretik joaten diren gazteen kopurua. Zuberoan, esaterako, urtero gehiago dira lurraldetik joaten diren gazteak bertara etortzen direnak baino. Hala, Europan gazte gutxien duen herrietako bat bilakatzen ari da Euskal Herria: lurralde osoko biztanleen %14,2 soilik dira 14 eta 29 urte artekoak. Europako Batasuneko ehunekorik txikiena da.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak