Irati Jimenez: "Gure diagnostikoak Euskal Herrian egin behar ditugu, feminismoan bereziki ere bai"

2018-05-01
Plaza Hutsa TB saioko lehen elkarrizketatua Irati Jimenez kazetari eta idazlea da, Aitziber Campion Sortuko kidearen eskutik. 24 minituko elkarrizketa mamitsuan, euskal identitateaz, epikaz, feminismoaz zein kulturaz hitz egiteko aukera izan du. Ikusleok ere Plaza Hutsan parte hartzeko aukera izango duzue. Maiatzaren 4a bitarte www.facebook.com/plazahutsa helbidean galderak eta iruzkinak egiteko aukera duzue bideoaren iruzkinetan, eta Iratik guztiei erantzuna emango die hurrengo astelehenean Facebooken bertan eta www.plazahutsa.eus webgunean. Frankismoan euskal identitateaz egindako hausnarketa oso beharrezkoa izan zen Jimenezen ustez, “Amalur” filmean adibidez, identitate hori suntsitu nahi zuelako diktadurak. Egun identitateez baino askatasunaz hitz egin beharko genukeela uste du. Ezkerreko abertzaletasuna askapen mugimendua izan dela, askatasunerako mugimendua, eta horren bidez ikusiko dugula ze identitate dugun, “identitate asko posible baitira jendarte aske batean.” Mobilizazio ziklo berriaz, diskurtso neoliberal eta indibidualistetatik harago, jendeak kezkak dituela uste du Jimenezek eta energia eraldatzaile handia dagoela kalean. Aldiz, energia guzti hori helburu politiko konkretuetara bideratu behar dela uste du, han edo hemen galdu ez dadin. Feminismoaz ere hitz egin du kazetari eta idazleak. “Programazio matxistak denok gure barruan” ditugula uste du. Horiek aldatzen “hamarkada eta mendeetako” lana dagoela esan du eta ez dela erraza izango horiek helburu politikoetara eramatea. Feminismoa mundu mailako mugimendua izanik gure markoa Euskal Herria dela uste du Jimenezek, “borroka honetan bereziki” ondo diagnostikatu behar delako zein diren euskal patriarkatuaren ezaugarriak. Euskal kultur sorkuntzaren egoeraz galdetuta, energiak sakabanatuta daudela uste du eta “ez gaudela gure momenturik onenean”. Herri gisa “bailara” bat pasa behar izan dugula uste du Jimenezek, sufrimendu asko dagoela oraindik kudeatzeko baina “hortik ateratzeko gogoa” ere badagoela. Azkenik, Nafarroako aldaketaz galdetuta, “ezina egina” izan dela uste du idazle eta kazetariak. Alkate eta zinegotziek instituzioak herriaren zerbitzura jarri dituztela esan du eta Bizkaiatik ikusita, “oposizio sinergarri bat” eginda, aldaketa posble dela erakusten duela Nafarroak dio. www.plazahutsa.eus @plazahutsa
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak