Euskara Nafarroan eskubidea dela aldarrikatzeko milaka lagun atera dira kalera Iruñean

2020-02-29
Larunbat arratsaldean Iruñean elkartutako jende piloak argi eta garbi adierazi dio nafar Gobernuari: «Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia. Euskara eskubidea delako, ni más ni menos». Haur Eskoletako gurasoen kotxetxoen blokeak zabaldu du, txalo artean, Iruñean euskaraz ikasteko eskubidea defendatzeko egin den martxa, 17.00ak pasata zirela, Golem zinemetan. «Euskara eskubidea. Ni más ni menos» zioen pankartak. Ume eta familia ugari ageri zen, gurasoak eta aitatxi-amatxiak, eta orokorrean, askotariko jendea «euskarafobiari» aurre egiten. Puxika gorriak altxata, «Euskaraz bizi nahi dut» eta «Ez gara zenbakiak, pertsonak gara» aldarriekin hiriburuko kaleak zeharkatu ondotik, hiru lagunek hartu dute hitza ekitaldian, Ainhoa Oiaga Iruñeko haur eskoletako gurasoak, Iñigo Lerga Mendigorriako eskolako gurasoak eta Unai Irigarai NUPeko ikasleak. Lehenak oroitu du mende erdi bat daramatela ezina ekinaren ekinez egiten. Horregatik ikastolak eta D ereduko ikastetxeak aurrera atera zituzten herritarrei eskerrak emanez hasi da. «Lana erruz egin dugu gure eskubidea defendatzeko, euskaraz bizitzea errealitate egiteko, gure seme-alabei etorkizun hobe bat emateko. Eta bizipoza gailendu da euskaraz disfrutatzen dugulako, euskarak egiten gaituelako, euskarak aberasten gaituelako». Are zentzugabeagoa Baina nahiko lukete modu erosoan euskaraz aberasteko aukera eduki. «2020an, eleaniztasunaren aroan, justizia soziala ahoz ahoz dagoen sasoian, ezagutzaren garaian oraindik eta zentzugabeago dirudi Instituzio Publiko batek herritarrei haien hizkuntza ikastea galaraztea». Azken hilabeteotan norabide horretan etorri dira euskararen kontrako azken erasoak: NA+k alkatetza duen Iruñeko Udalak, haur eskoletako egungo eskaintza erdira baino gutxiagora murriztuko duela iragarri du. Gainera, arazoa ez da haur eskoletan amaitzen, hezkuntza ziklo osora zabaltzen da. Lergak agertu du Mendigorrian D eredua ez duela abian jarriko jakinarazi berri duela Hezkuntza Sailak. «Beste hainbatetan bezala, gure seme-alabek gure herrian ikasi, edo gure hizkuntzan ikasi aukeratu behar dugu». Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere «egoera oso kezkagarria» dela ohartarazi du Irigaraik: «Euskaraz ikasi nahi dugun ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dugu ikasketak euskaraz egin nahi izanez gero». Iruñeko kaleak bete dituzten askotariko lagunek argi dute nafar Gobernuari dagokiola guztion hizkuntza eskubideak bermatzea, inor bigarren mailako herritar gisa ez tratatzea eta aukera berdintasuna bermatzea. Horregatik, zera agertu diote: «Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia. Euskara eskubidea delako, ni más ni menos. Gora euskara!».
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak
urtea
298