Iruñeko Alkatearen hitz xenofoboak salatu dituzte

2022-01-20
Iruñeko alkateak aste honetan bertan etorkinei delituak egitea egozten zizkien, eta gaur jaso du Nafarroako mugimendu antirrazistaren aldetik erantzuna elkarretaratze batekin. Enrique Mayak Navarra Sumako alkateak esan zuen “delituak egiten dituzten ia pertsona guztiak ez dira hemen jaioak”. Adierazpen hauek amorrua eragin dutela onartu dute SOS Arrazakerian, baina gogoratu dute Iruñeko alkatearenak ez dira bakarrak izan. "Urteetan zehar eraikitako diskurtsoaren lurreratzearen aurrean gaude azken asteetan, Mario Fabo Martzillako alkatea, Iruñeko Enrique Maya edo Carlos García Adanero bezalako parlamentarien ahoa betez eta, komunikabideen portadak eta albistegiak okupatuz", salatu dute. "Hau urrutitik dator. Gizarte moduan urteak daramatzagu gerra-hizkuntzaren erabilera normalizatzen migrazioei buruz hitz egitean, delituak edo delituzko egintzak pertsonen jatorriari eta arrazalizazioari lotuz, aniztasuna etiketatuz eta arazo bihurtuz. Talde-irudimenean etsaiak sortzen dituzte, eta beldurra eragiten diote gizarteari. Horrela justifikatzen dute gizarte-kontrolaren areagotzea, bazterketa soziala, eta marjinetan gero eta gehiago geratzen diren kolektiboen eskubide eta askatasunen murrizketa", azaldu dute. Eta estrategia honek indarkeriarekiko tolerantzia-maila igotzeko eta gizartean gorrotoarekiko erreakzio-maila jaisteko erabiltzen dutela azpimarratu dute. "Beldurra oparituz eta segurtasuna salduz", gehitu dute. "Ezin dugu onartu eskubideak kudeatu, legeztatu eta bermatu behar duten ardurandunen interesak aurrera ateratzea segurtasunaren izenean. Gorrotoa hedatze honen antzean erantzule zuzenak daude, diskurtsoa zabaldu, lagundu edo etekina ateratzen duten pertsonak", zehaztu dute. Gorroto-diskurtso horiek "inolako etikarik gabe" zabaltzen dituzten komunikabideak ere salatu dituzte. "Gaur gogoratu nahi dugu gorrotozko hitz bakoitzari aurre egingo diogula, eta kendu nahi diguzuen duintasun osoz egingo diogula aurre, sareak sortuz, bizitza ertzetan eraikiz, eta goiko esferetatik artikulatzen diren diskriminazio eta zapalkuntza mota guztiak agerian utziz. Ez zarete pasatuko!"
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak