Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aurkako zentsura bertan behera uzteko eskatu dute

2019-11-18
Pailazoek eta Santxo abokatuak "zentsura" salatu dute, eta Iruñerriko haurrei eskatu diete marrazkiak bidaltzeko Enrique Maia Iruñeko alkateari. Iruñeko Udalak, berriz, zuzenean aurreko gobernu taldeari egotzi zion ikuskizuna bertan behera utzi izanaren ardura. Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasun zinegotziak adierazi zuen kontratua "era irregularrean" sinatu zuela aurreko Kultura zinegotzi Maider Belokik: "Halako kontratuak egiteko, txosten juridiko bat, txosten tekniko bat eta esleipena onartzeko erresoluzio bat behar da, baina kasu honetan ez dago halakorik. Maider Belokik ekainaren 12an sinatutako kontratu bat daukagu, prozedura bete gabe eginikoa". Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari buruzko "espedienterik ez dagoela" esan zuen zinegotziak, eta auzia Nafarroako Kontseilura igorri duela, ikerketa egin dezan. EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik, berriz, Garcia-Barberenaren bertsioa "faltsua" dela esan zion BERRIAri, eta kargu hartu zion udal gobernu taldeari, "gardentasunik gabe" jarduteagatik: "Espedientea egon badago, baina Navarra Sumak ez du erakutsi nahi. Hilabete eta erdi daramagu txosten hori udalean eskatzen, eta ez digute eman. Zergatik ez?". Kontratua sinatzeko prozedurari dagokionez, EH Bilduko kideak azaldu zuen kontratazio publikorako araudian "artisten espezifikotasuna" aintzat hartzen duen 75. artikuluari jarraikiz egina dagoela hitzarmena, eta kontratu artistiko guztiak "modu horretan" egiten direla. Ez da lehenengoa Ez da UPNk pailazoen aurka egiten duen lehen aldia. 2017. urtean, Iruñeko Udalak —EH Bildu zegoen agintean— hirukoteari Baluarte auditoriuma "doan" uztea salatu zuen alderdiak: "Fabore tratua da hori, hirian tradizio handia duten ekitaldiek jasotzen dutenarekin alderatuta; besteak beste, Bildu alkatetzara iritsi zenetik boikotatu nahi duen Corpusen ospakizuna". UPNk "Batasunaren pailazoak" direla adierazi zuen ohar hartan. Bilboko Udalak ere betoa ezarri zien Pirritx eta Porrotxi, Iñaki Azkuna alkate zela. Haien "ibilbide politikoa" jarri zuen aitzakiatzat. PPk egin zuen orduan pailazo horien ikuskizunak debekatzeko eskaria.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak