UDALETIK 10-11

2018-10-11
UDALETIK 10-11 1 - EUSKAL ZINE BILERA: BIHAR SARI BANAKETA ETA AMAIERA EKITALDIA 40+1. Euskal Zine Bilerak Lekeitioko kale eta bazterrak euskarazko zinemaz bete ditu aurreko zapatuan jaialdia hasi zenetik. Filmak ikustera ere herritar asko hurbildu dira, proiekzio sesioak inoizko jendetsuenak izaten ari dira. Eta bihar, jaialdiak agur esango dio hurrengo urtera arte. Azken eguna bai, baina ekintzaz beteta. Adi!! Goizean zehar, ATZO8 ekimenaren emaitzak ikusi ahalko dira. Eta arratsaldean, amaiera ekitaldia izango dugu 19:30etan Ikusgarri aretoan. Bertan, aurtengo lehiaketan parte hartu duten 20 filmen arteko saridunak zeintzuk diren ezagutzeko aukera egongo da. Gainera, berrikuntza gisa, Ikuslearen Saria eramango duen filma emango da ezagutzera, astean zehar ikusleek, haien botoekin, aukeratutakoa hain zuzen ere. Gogoratu, amaiera ekitaldira etortzen direnek opari berezi bat jasoko dute! Animatu eta etorri euskal zinemaz gozatzera! 2 – BIZIPOZ EKIMENA, PARTE HARTZE SOZIALA BULTZATUZ. IZEN EMATE EPEA ZABALIK Lekeitioko Udalak, La Caixa Gizarte Ekintzaren kolaborazioarekin, BiziPoz proiektua jarri du martxan. 55 urtetik gorako pertsonen formakuntza eta parte hartze soziala bultzatzeko helburua du proiektuak. Bi hilabeteko formakuntza izango da, 8 tailerretan banatuta: Urriak 31, Azaroak 7, 14, 21, 28 eta Abenduak 5, 12 eta 19an. Bertan, BiziPoz bizitza izateko parte hartzaileen kezka eta beharrei erantzuten saiatuko da. Izena emateko azken eguna urriaren 22a izango da, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. 3 – EMAKUMEENTZAKO GIMNASIA EMOZIONALA Gorputzarekiko harremana eta honen alde positiboak identifikatu, antsietateak sortzen dituen ondorioak ezagutzera eman eta pentsamendu positibo eta negatiboen kontrola lantzeko emakumeei zuzendutako gimnasia emozionala antolatu du Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasun Batzordeak. Saioak azaroaren 8tik maiatzaren 27ra bitartean, ostegunero 18:30etatik 19:30etara izango dira Kultur Etxean. Izena emateko epea irekita dago jada eta azken eguna urriaren 19a izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero edota izena emateko, hurbildu Kultur Etxera. Animatu zaitez, hartu zuretzako denbora eta parte hartu! 4 – ERREPORTAJEA: LEKEITIOKO UDALAREN TRANTSIZIO ENERGETIKOAREKIKO KONPROMISOAK AITORPENA JASO DU Energiaren Euskal Erakundeak, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko udalei bereizgarri bat eman zien aurreko astean Ispasterren egin zen ekitaldian, trantsizio energetikoarekiko hartu duten konpromisoagatik. “Energiaren Bidea” lemapean, udalerri hauetako ordezkariek energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien aldeko konpromisoa erakutsi dute. Lekeitioren kasuan, aurretik kale eta gune batzuetan egindako berrikuntzez gain, egunotan Bergara, Atxabal, Kolmenares, Paskual Abaroa, Arranegi eta Ezpeleta kaleetako argiteria berrizten ari dira, farolak aldatu eta hauetan led sistema berria jarriz. Erabiltzen den energiari ahalik eta eraginkortasun handiena ateratzea da helburua. Guzti honekin, hurrengo urteetan zehar erabiltzen den energia kopurua txikitzea eta berriztagarria izatea bilatuko da.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak