Igor Arroyo eta Izaskun Garcia: "Kontraboteretik herri-boterearen eraikuntzara igaro behar dugu”

2018-06-26
Igor Arroyok eta Izaskun Garciak sindikalgintzari buruz jardun dute gaurko Plaza Hutsean, Jagoba Zuluetaren galderei erantzunez.. LAB sindikatuko zuzendaritzan ari diren bi kide hauek urteetan politikagintzan, ikasle mugimenduan eta herri mugimenduan buru-belarri aritutakoak dira. “Elite ekonomikoak oso garbi dauka zer mezu zabaldu nahi duen”, adierazi du Izaskun Garciak “eta horretarako laguntzaile apartak dauzka”. Sindikalgintzari, beraz, hegemonikoa izan nahi duen diskurtso horri aurre egitea dagokio. Adibide bat jarri du: sinistarazi nahi digute berreskuratze ekonomikoa iritsi dela, eta diskurtso horri aurre egin behar dio sindikalgintzak, datu makroekonomikoetan beharbada horrela izan arren, berreskuratze hori langileongana oraindik ez baita iritsi. “Gure eginkizuna da daukagun errealitatea parean jartzea benetan errealitate hori eraldatzeko eta borrokatzeko, uste dugulako langileriak aktibatuta eta antolatuta gaitasuna daukala subjektu eraldatzaile bat izateko”, Garciaren iritziz. Langileak lan eta bizi-baldintzen borrokara lotzea da gakoa, borroka horren bitartez eredu sozio-ekonomiko berri batera urratsak emateko. Igor Arroyok sindikalgintzari lotutako balioak nabarmendu ditu: elkartasuna, kolektibitatea, guztientzako bizimodu hobea lortzeko grina eta abar. Sindikalismoaren eraginez aldaketa sozialak gertatu direnez, “garrantzitsua da sindikalismoaren oroimen historiko horrek bizirik irautea”, ez ikuspegi nostalgiko batetik, baizik eta “daukagun ondarearen jabe izateko eta etorkizunari heltzeko indarra izateko”. Garciaren esanetan, krisialdiaren aurretik, bazirudien sindikalgintza gehiago ari zela baliabide materialez. “Aldiz, mugimendu feministan bestelako ezatabaidekin ari ginen, eraldaketa kulturalari gehiago begira”. Askotan bi bide paralelo izango balira bezala ikusten zituen berak. Krisialdiak, baina, gogoetak eta diagnostikoak berritzea ekarri die guztiei, bi bide horiek uztartzeraino. Aurtengo martxoaren 8ko greba feministaren arrakasta horren emaitza da, bere aburuz. “Egungo testuinguruan, eta dugun argazkiaren krudeltasuna ikusita, ene ustez sindikalgintza inoiz baino beharrezkoagoa da. Horrek ez du kentzen etxeko-lan batzuk egiteko ditugula eta horiei heldu behar diegula”, adierazi du Garciak. Berak uste du sistema saiatu dela kolektibotasuna eta langileen arteko elkartasuna suntsitzen saiatu dela langileak zatituz. “Eta orain sindikalgintzari dagokio langileria berriz osatzea”. Garciak argi du: sistema ez da nor langileak nor diren eta nor ez esateko. Horrez gain, “hausnartu beharko genuke zer jarri beharko genukeen erdigunean: orain arte sistemak ezarri duen enplegua, merkatua, ala bizitza”. Feminismoak egindako ekarpen horri heldu behar zaio, berak dakartzan ondorio guztiekin. Azken batean, sindikalgintzaren berrasmatze bat ekarriko luke horrek. Sindikalgintzako borroka-molde batzuk etorkizunerako egokitzea funtsezkoa dela azaldu du Igor Arroyok. Horrekin batera, formula berriak ere abiatzea ezinbestekotzat jotzen du. Elkartasun sareak eta greba moldeak garrantzitsuak izaten jarraitzen dute. “Borroka molde horiek eguneratu egin behar ditugu eta aldarrikatu behar ditugu”, dio Arroyok. Horrekin batera, Euskal Herrian saiakera egin behar dugu berrikuntza politikorako eta sindikalerako. Hala ere, badira ekimen berritzaile interesgarriak. Ipar Euskal Herrian, esaterako, Macron legearen aplikazioa dela eta, “langileen baldintzak murriztu nahi dituen enpresan, alarma sistema bat planteatzen da eta detektatzen denean horrelako kasu bat alarmak jotzen du eta blocage, pikete edo eskratxe bat antolatzen da enpresa horretan”, Igorren esanetan. Bestalde, Iruñerrian ere sortu dira alarma sistema solidarioak, sindikatuta ez dauden langile prekarizatuak babesteko. Sindikalgintza kontraboterea izan bada ere, Arroyoren iritziz, hori ez da nahikoa: “Nahi badugu erresistentziatik eraikuntzara pasa, kontraboteretik herri boterearen eraikuntzara igaro behar dugu. Eta zentzu horretan, sindikalismoak herri prozesuan inplikatu behar du, aldaketa sozial eta politikorako burujabetza prozesuan ekarpena egin behar du”, alde batetik langileen beharrak erdigunean jarriz eta bestetik indarra egin behar du herri-prozesuak behar duen estrategia sozio-ekonomikoaren definizioan. www.plazahutsa.eus @plazahutsa
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak