UDALETIK 01-25

2018-01-25
1.- LAN-POLTSA BERRIAK TRAFIKO LAGUNTZAILEAK KONTRATATZEKO. Lekeitioko Udalak lan poltsa berriak osatu nahi ditu, Mugikortasun eta Hiritartasun laguntzaileena, hain zuzen. Langile hauek aldi baterako premiak estaltzeko helburua izango dute eta gehien bat uda sasoian, arazoak saihesteko, herriko ibilgailuen eta oinezkoen arteko trafiko jarioa errazteaz aparte, udal ordenantzak betearazteko begirale lanak egingo dituzte, besteak beste animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza (txakurren kakak,..), herritarrentzat araututako aparkalekuen ordenantza zaintzea,.. Udarako, gutxienez, Lekeitioko Udalak hiru pertsona kontratatuko ditu zeregin hauetarako. Lan-poltsa hauetarako izen-emate epea urtarrilaren 29tik otsailaren 16ra izango da. Lan poltsaren oinarriak, Lekeitioko Udaleko bulego orokorretan eta web orrialdean daude eskuragarri. 2.- GAZTEGUNEKO KALITATEZKO ESKAINTZAN APUSTUA EGITEN JARRAITZEN DU UDALAK. Lekeitioko Udalak Gazteguneko zerbitzuaren jarraipena ziurtatu du abenduaren 31ra arte. Hori horrela, zerbitzuak bere ateak zabaltzen jarraituko ditu astebururo, betiko ordutegian: -Kidegunea (6-8 urteko umeak, LH1-3): Zapatuak 17:30-19:30 / Domekak 17:30-19:30 -Erdigunea (9-11 urteko umeak, LH4-6): Zapatuak 18:00-21:00 / Domekak 18:00-20:00 -Gaztegunea (12-16 urteko gazteak, DBH1-4): Zapatuak 19:00-22:00 / Domekak 18:00-20:30 Beti bezala, ume eta gazteek astero hainbat ekintza eta jolasa izango dituzte bertan. Gainera, programazio berri bat jartzen da martxan, irteera eta ekintza bereziekin. Hauek, zerbitzuan parte hartzen dutenekin batera erabakiko dira. Horretaz gain, Aste Santuetako oporretan eta Gabonetan zehar ordutegi berezia izango du zerbitzuak, ume eta gazteen opor egunetara egokituz. IBON KOBEAGA 3.- GAZTEGUNEAREN JAIA DOMEKAN. Lekeitioko Gazteguneak bere festa ospatuko du domeka honetan, urtarrilak 28. Jaia Santi Brouard frontoian egingo da. Bertan, adin desberdinetako umeentzat 2 gune egongo dira eta bakoitzean hainbat puzgarri eta jolas, horien artean ginkana, futbolin biziria eta pilota salatarien zirkuitua. Puzgarriak 11:00etatik 13:00etara egongo dira eta sarrera doakoa izango da. 4.- KARNABALAK PREST! Aste gutxi batzuk baino ez dira falta aratusteetarako. Otsailaren 10etik 13ra bitartean Lekeitiok egitarau berezia izango du egun hauek ospatzeko. Karnabalen inguruko programazioaren berri izan nahi baduzue, adi egon hurrengo egunetan udaleko web-gune eta sare sozialei, bertan zintzilikatuko baita informazio gehiago. 5.- ZINEMA Ferdinand 'Ferdinand', loreak usaintzea gogoko duen zezen bakezalea, erratuta eramango dute Madrileko zezen plazara, toreatzeko. Baina berak ez du horrelakorik nahi. Etxera itzultzeko erabakia hartuta, hezikaitzen talde batean sartuko da eta izugarrizko abentura biziko du. Tres anuncios en la afueras Alaba erail dioten 50 urteko emakumeak − Mildred Hayes (Frances McDormand) − bere herriko polizien aurkako gerra hasiko du, uste baitu poliziek afroamerikarrak torturatzeko interes handiago dutela justizia egiteko baino. 6.- EGURALDIA Gaur fronte hotz batek lurraldea zeharkatu du. Euria ugaria eta iraunkorra izango da datozen orduetan eta Gauean txingorra ere egin dezake. elur-mailak ere behera egin eta gauean 800-900 m inguruan egongo da. Ostiralean negu-giroa gailenduko da eta zaparrada ugari botako ditu. Zerua ia estalita egongo da eta zaparradak sartuko dira etengabe. Elur-kota 700-800 m inguruan egongo da. Larunbatean bustitik jarraituko dugu baina euria arinagoa izango da. Egunaren lehen partean egingo du euri gehien eta arratsaldean atertzera egingo du. elur-maila 500-700 m inguruan egongo da. Igandean zeruan hodeiak izango ditugu baina ez du euririk egingo. Eguna aurrera egin ahala hodeitza gero eta tartekatuagoa izango da. Astelehen eta astearterako hodeiak desagertu eta giro eguzkitsua itzuliko da.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak