Erabakitzeko eskubidearen alde eta errepresioaren aurkako uholdea Donostian
2019-10-19
‘Erreferenduma ez da delitua’ goiburupean manifestazio jendetsua izan da gaur Donostian, Gure Eskuk deituta. Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaia salatu eta oinarrizko eskubideen defentsan, kalera atera dira milaka euskal herritar.
Lluis Llach musikariak hartu du hitza mobilizazioaren amaiera ekitaldian. Mikel Laboa gogoan hasi du hitzartzea. Nabarmendu du auzi hau ez dela Kataluniako herriaren auzi bat, ezta independentismoarena ere: "Askatasunen eta demokraziaren auzia da. Sententzia honek suntsitu egin ditu lehendik genituen askatasun apurrak". Jendearekin batera L'Estaca abestia kantatuz amaitu da ekitaldia.