Bruselak behin betiko itxi du Puigdemonten eta lau kontseilariren aurkako estradizio auzia

2017-12-14
Carles Puigdemont presidentearen eta harekin batera Bruselan diren lau kontseilari kargugabetuen kontrako estradizio auzia behin betiko itxi du gaur Belgikako Justiziak. Espainiak berak egin zuen eskaera, eta horri jarraiki hartu du erabakia Belgikako instrukzio epaileak. Bien bitartean, Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak, Jordi Sanchez ANCko presidenteak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak Auzitegi Gorenean deklaratuko dute berriz ere, urtarrilaren 11n. Beste behin deklaratzeko aukera galdegin zuten hiru auzipetuek, eta Pablo Llarena epaileak onartu egin du eskaria. Abenduaren 21eko hauteskundeetarako hautagai dira Forn eta Sanchez. Biak Junts per Catalunyaren zerrendan aurkeztu dira. Hori dela eta, Sanchezek aske uzteko baimena galdegin zion Gorenari, hauteskunde kanpainan parte hartu ahal izateko, baina Llarenak aukera hori ukatu dio. Bozetarako astebete falta denean, ERCk iragarri du Estremerako espetxe aurrean egingo duela kanpaina amaierako ekitaldia. Hilaren 19an, datorren asteartean, amaituko da Kataluniako Parlamentuko bozetarako kanpaina. Bertan baitago preso Oriol Junqueras zerrendaburua azaroan 2az geroztik.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak