UDALETIK 02-01

2018-02-01
1.- SILKEN HOTEL KATEAK 45 LANPOSTU SORTUKO DITU “URIBARREN JAUREGIA” HOTELEAN (ELKARRIZKETA: ITZIAR POZA – Silken Hotelak) Silken Hotel katea Lekeition ezarriko da Emperatriz Zitaren ateak berriz zabalduz. Hori bai, izena aldatuko dio, izan ere hemendik aurrera Uribarren Jauregia bezala ezagutuko da, iraganean leku berean kokatuta zegoen jauregia gogoratuz. Hotelaren irekierak, gainera, lanpostu berriak sortzea eragingo du, lekeitiarrentzat aukera on bat sortuz. Guztira 45 lanpostu izango dira eta hauetan profil desberdinetako pertsonak beharko dira. (ELKARRIZKETAREN ZATIAK) Era berean, informazio gehiago eskuratzeko edota kurrikuluma bidaltzeko kontu bat ere sortu dute: recepcion.uribarren@hoteles-silken.com Guzti honi esker, hotela Aste Santuetarako irekitzea espero da, jakina baita garai honetan jende asko hurbiltzen dela Lekeitiora. Silken-ek beste 31 hotel ditu Europan zehar banatuta, horien artean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 2.- JOLASLEKUEN HOBEKUNTZA LANAK Herriko hainbat tokitan dauden jolaslekuak berrizteko lanak martxan daude jada. Hiru dira hobekuntzak jasango dituzten eremuak: Kasemiro Etxebarriako jolaslekua, eskolako patiokoa eta haurreskolakoa. Alde batetik, Kasemiro Etxebarria auzoan dagoen parkeko jolaslekuan behegaina berria jarriko da. Era berean, eskolako patioan bere osotasunean aldatuko da gune hau, izan ere zoru zein bestelako elementuak berrikuntza jasango dute. Azkenik, haurreskolako patioan dagoen jolas-eremu bateko behegaina berritu eta txirrista eta zabu berriak jarriko dira. Horrekin, haur eta nerabeentzako jolaslekuen egoera hobetuko da, segurtasun handiagoa bermatuz. Lan guzti horien kostuaren zenbatekoa 48.561,75 €-koa da. 3.- IKASTOLAKO IKASLEEK LEKEITIOKO ODOL EMAILEEN KOPURUA HANDITZEA LORTU DUTE Lekeitioko Azkue ikastolako DBH2-ko ikasleek, Zerbikasen proiektuaren barnean, odol emaileak erakartzeko kanpaina egin dute. Honekin, emaileen kopurua handitzea eta herritarrak sentsibilizatzea bilatzen dute. Izan ere oso gutxi dira odola ematera joaten direnak, Lekeitioko biztanleriaren %6 besterik ez. Datu hau hobetzeko asmoz, ikasleek inkestak egin zituzten gurasoen artean, elkarrizketak eta baita kartelak jarri jendea kontzientziatzeko. Herritarren erantzuna oso ona izan da, kanpaina hasi zenetik odol emaileen kopuruak piska bat gora egin baitu. DBH2-ko ikasleek egindako lana oso baliagarria izan da, jakina baita odol bankuek eskari handia jasotzen dutela. Hori dela eta, herritarrak odola ematera joatearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute ikasleek. 4.- HITZALDIA: LEKEITIO HERRI LAGUNKOIA BIHURTZEKO BIDEAN Lekeition ere, 80 urte baino gehiagora heldu diren edota helduko diren herritarren kopurua goraka doa eta hori horrela,  Lekeitioko Udalak Lekeitio nagusientzako herri adeitsu bihurtu nahi du, azken finean, adin guztientzako lagunkoia izateko. 2017an Lekeitio adinekoekin lagunkoia izateko bidea hartu zuen eta horretarako herritarrez osatutako talde eragile bat osatu eta sendotu da, zeina proiektuaren alde lanean ari den.  Orain, 2018an otsailean eta martxoan egingo den parte hartze prozesuaren bidez, herriaren adeitasun-mailaren diagnosia egin eta ondoren ekintza plana zehaztuko da. Proiektu hau azaltzeko, hitzaldi zabala egongo da otsailaren 8an, datorren ostegunean beraz, 17:00etan Jubilatuen Etxean. 5.- ZINEMA LOS ARCHIVOS DEL PENTÁGONO 1971ko ekainean, EEBBetako egunkari garrantzitsuenek, tartean The New York Times eta The Washington Post, adierazpen-askatasunaren aldeko jarrera ausarta hartu zuten, Pentagonoko dokumentuei buruz informatuz eta gobernuaren hainbat eta hainbat sekretu ezagutaraziz. Washington Posten dokumentuetan oinarritutako istorioa kontatzen da pelikulan, Vietnameko Gerrari buruz zegoen informazio klasifikatuari buruzkoa, hain zuzen ere. Informazioa argitaratzeak izugarrizko eztabaida piztu zuen adierazpen askatasunaz eta Auzitegi Gorenean sekulako bataila legala hasi zen. ZAPARRADAK BATA BESTEAREN ATZETIK ETA DATOZEN EGUNETAN ELURRA IZANGO DA PROTAGONISTA. Alerta laranja dugu barnealdean elurragaitik gurera zaparradak bata bestearen atzetik etorriko dira eta mardulagoak izango dira gau partean. baliteke gainera trumoiak jo eta txingorra ere botatzea. Elur-kota 400-600 m-ra jaitsiko da datozen orduetan. Ostiralean zaparradek ez dute etenik izango eta noiznahi trumoiak jo eta txingorra bota dezake. Elur maila goizean 200 metrotara egin dezake ekaitz guneetan eta arratsalderako 500 metrotara igoko da. Larunbat goizean giro hezearekin jarraituko badugu ere, prezipitazioa urriagoa izango da, arratsaldean fronte berri bat iritsi eta elur maila 1000 metrotatik 500 metrotara jaitsiko da. Igandean ipar-mendebaldeko Haizea ibiliko da eta itsasotik zaparradak ekarriko digu. Elur maila berriz behera egingo du arratsaldez 300 metrotara kokatu arte. Astelehena eta martitzenean adi egon beharko dugu elur-mailarekin, prezipitazioa urriagoa izango bada ere, itsas mailara zuritzea espero da. Beraz, kontuz ibili eta gomendioak jarraitu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak