Shopping feminista Iruñean

2018-03-05
Ekintzan banatutako oharra: "Aurtengo Martxoak 8a ez dator ohikoan bezala, nazioarteko 70 herrialdetik gorako emakumeekin* bat eginez, Euskal Herriko mugimendu feministak EMAKUMEOK PLANTO aldarriarekin bat egingo dugu, zapaltzen gaituen sistema heteropatriarkar, kapitalista eta arrazista salatzeko. Emakumeok* egunerokoan erasotzen gaituzten indarkeriei eta bazterkeriari aurre egiteko mobilizazio eguna, mundua geratuko duen greba feminista. Aldarrikapenak ohiko greba eredua gainditzeko helburua du, lan merkatutik haratago, sistemaren biziraupenerako ezinbesteko diren lan guztiak ikustarazi eta zaintza eta kontsumoari loturiko zapalkuntzak azpimarratuz. Gure bizi eredua bera kolokan jarriko duen greba izango da. Salaketa testuinguru horretan kokatzen da martxoak 8ko greba egunerako deituriko kontsumo greba ere. Jakina baita, sistema kapitalista eta patriarkalak elkarrekintzan dihardutela gure zapalkuntza iraunarazteko dimentsio anitzetan: gure gorputzen merkantilizazioa eta kontrola, heteroarauaren agintepeko desira objektu bilakaraztea, eredu estetiko zurrunen inposaketa, generoaren arabera diferentziaturiko kontsumo ereduaren sustapena, publizitate sexistaren bidez ideologia patriarkalaren hedapena; Kapitalaren metaketa prozesua areagotzeko ekoizpen masiboak eskatzen duen zaintza- ekoizpen kate trasnazional amaigabeetan eta baldintza jasanezinetan gure gorputzen esplotazio masiboa,... Hau gutxi ez eta, azkenaldian merkatu sistema harrapakari honen isla diren marka handiek “feminismoa” haien beste produktu bat bailitzan saltzea bilatu dute, zapalkuntza sistema orok darabilen estrategiaetako bat baita, berau kolokan jartzen dituzten aldarriak bereganatuz desaktibatzen saiatzea. Guzti hori salatzera dator gaurko ekintza, eta horren ikur diren multinazional, denda-kate, banketxe eta abarretara gure salaketa helaraztera. Aldi berean, sistema neoliberal, kolonial eta heteropatriarkarraren baitako egungo kontsumo eredua guzti hau eta gehiago sostengatzeko gakoetako bat izanik, martxoak 8an kontsumitzeari uko egiteko deialdia luzatzen dugu. Kontsumitzen gaituen kontsumo ereduari egin diezaigoun planto! Kateatzen gaituzten zaintza-ekoizpen kateak apur ditzagun! Indar kolektiboaz gera dezagun sistema! MARTXOAK 8 EMAKUMEOK* PLANTO!"
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak