Tristeziaz haraintian: eüskara, kanbiamena eta Gilles Deleuze

2021-02-02
Egün hon, aspaldiko! Bahiza? Gaurko bideoak podcast baten forma hartu du. Zubereraz eginik denez, 25 minutuan euskararen inguruko hausnarketa hau ekialdeko euskaraz entzuteko parada da. Bideoan zehar beste euskaldun askoren belarrietara arrotz zaizkien hitz gehienen batuzko forma ere emanen ditut (eskerrik hanitx Allande Socarrosi ene züberotarraren hütsak xüxentürik!) TRISTEZIAZ HARAINTIAN: EÜSKARA, KANBIAMENA ETA GILLES DELEUZE Gogoeta honetan, euskararen hauskortasun eta zaurgarritasuna uneoro erdigunean jartzen duen ideologia/jarrera zabaldua zalantzan jartzen ahaleginduko naiz. Nire ustez, termino soziolinguisitikoen arabera euskara egoera larrian dagoela ukaezina bada ere, euskalgintzan euskararekiko oinarrizko harremana hizkuntzaren 'zaintzea' delako joeraren nagusitasunak euskararen egoeraren inguruan tristezia edo ezinegon sakona eragiten digu. Izan ere, euskararen ezagutzan eta formetan gertatzen ari diren etenbako eta, itxuraz, noranzko bakarreko aldaketak direla-eta, euskararekiko gehienon harremana ikusmolde defentsakor batean oinarrituta dago, jarrera kontserbatzaile hori euskaldun 'aktiboa' (ekintzailea) izateko funts ideologiko bakarra balitz bezala. Bestelako oinarri askatzaileago bat ematekotan, Gilles Deleuze filosofoaren 'Différence et Répétition' liburuaren argudio nagusia abiapuntu hartuta, euskara erabiltzea berritasunez, diferentziaz eta aldaketaz definiturik den ekintza dela argudiatuko dut. 'Izatea' edo esistentzia aldaketa bera dela ulertuz gero, eta hizkuntza bat transmititzean eta baliatzean errepikapen hutsa ezinezko dela oharturik, euskararen inguruko eztabaidan nagusi diren bitarsun (dikotomia) batzuk berhauteman ditzakegu: besteak beste, euskaldun zahar/berri, batu/euskalki eta euskara garbi/nahasiaren arteko binario desorekatuak. Ondorio gisa, erran ahal genezake euskaraz hizketan ari garelarik, zernahi erranik ere, sortzen duguna iraganeko formetarik zein egungo euskararen beste iterazio posible guzietarik beti desberdintzen dela. Hemen aurkeztuko dudan perspektiba aintzat hartuta, beraz, euskararekin gure harremanaren oinarria ez da defendatzean edo zaintzean oinarrituko, Aitzitik, sortzean, aldatzean eta berritzean datza, uneoro, bazter orotan, ezinbestean. Hizkuntza erabiltzen dugularik, hizkuntza-ereduak hertsiki mantentzen ahalegintzen direnengantik 'euskañolez' dihardutenenganaino, hizkuntzaren erabilera mota guztiak utzartzen dituen gauza bakarra beraien bakartasuna (unicité) da. Hizkuntzaren bidez berritasuna sortzeko ekintza saihestezin horretan guri dagokigu erabakitzea zer molderen sorkuntza edo berrikuntza lehenetsi nahi dugun, eta zertarako.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak