UDALETIK 12-20

2018-12-20
UDALETIK 12-20 1.- BONO-DENDA KANPAINA HASI DA GAUR Bueltan da berriz Lekeitioko Bono-Denda kanpaina. Gaurtik hasita, herriko hainbat dendatan erosketak egitea merkeagoa izango da Kitto elkartea, Lekeitioko Udala eta Lea Artibai Garapen Agentziaren elkarlanari esker. Bonoak 10 euroren trukean eskuratu ahalko dira eta 15 euroko balioa izango dute, saltzaileari inolako kosturik suposatu gabe. Hau da, bono bakoitzean 5 euro aurreztu ahalko dira! Bonoak Lekeitioko Kutxabank-eko kutxazainean eskuratu ahal dira, kreditu txartel bakoitzeko bi bono hartzeko aukera egongo delarik. Bonoak kanpainaren kartela duten edozein dendatan aplikatuko dira abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra bitartean, biak barne. Era berean, ekimenean parte hartu nahi duten saltokiak Udalean aurkeztu beharko dute eskaria kanpaina amaitu aurretik. “Lekitton erosi, danok irabazi” 2.- OLENTZERO eta MARI DOMINGIREN KALEJIRA ABENDUAREN 23an Gabonekin batera badatoz Lekeitiora haurrek irrikitan itxaroten dituzten pertsonaiak: Olentzero eta Mari Domingi. Domeka honetan, abenduak 23, arratsaldeko 18:00etan kalejira hasiko da eliza atzetik. Eta neguko tenperaturak ahazteko, txokolate beroa banatuko da kontzijopean 18:15etatik aurrera. Horretarako bakoitzak bere edalontzia ekarri beharko du, plastikoaren erabilpena murrizteko. Eguraldi txarra badago, jaia eta txokolatada frontoian egingo dira. Domeka honetan, beraz, etorri Olentzero eta Mari Domingi ikustera! 3.- SANTO TOMAS AZOKA BIHAR Lekeitioko Udalaren eta Lea-Artibai Landa Garapenerako alkartearen eskutik Santo Tomas Azoka ospatuko da bihar. Goizeko 10:00etan azokari eta abere erakusketari hasiera emango zaio eta 13:30etan azokaren mahairik onenaren sari banaketa egingo da. Lehen sektoreko 38 ekoizle eta artisau etorriko dira Lekeitiora, horietatik 15 Lea Artibai eskualdekoak. Azokan ortuariak, gaztak, fruta, txakolina eta esnearen eratorriak aurkitu ahalko ditugu beste batzuen artean eta baita eskualdeko abeltzainen hegaztiak, zaldiak, idiak edota behiak. Lea Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatzea eta, aldi berean, haien produktuen kontsumoa bultzatzea du helburu azokak. Ez galdu eskualdeko kalitate ezin hobea duten produktuak eta hauen ekoizleak ezagutzeko aukera! 4.- AGENDA: ESKU PILOTA, GABON KONTZERTUA, GABONETAKO MERKATUA ETA GEHIAGO! IPUIN KONTALARIA Santo Tomas egunean baita, arratsaldeko 18:00etan ipuin kontaketa musikatua egongo da plazan Bertokoa Elikatuz ekimenaren barnean. ESKU PILOTA Barikuan ere, esku pilota partiduak jokatuko dira 19:30etan Santi Brouard pilotalekuan. Urrutikoetxea eta Aretxabaleta, Irribarria eta Zabaletaren aurka izango dira norgehiagokan EPELeko eskuz binakako txapelketaren final laurdenetan. Sarrerak salgai Maite eta Gol tabernetan. Eta egunean bertan kiroldegiko leihatilan 18:30etatik aurrera. GABON KONTZERTUA Era berean, Musikaia Musika Eskolak antolatuta, bihar V. Gabon Kontzertua ospatuko da 20:00etan elizan. GABONETAKO MERKATUA Bestalde, lehenengo aldiz, aurten Lekeitioko artisauen lanak ikusteko eta erosteko Gabonetako Merkatua izango dugu abenduaren 22 eta 23an. Zapatuan zein domekan 10:00etatik 15:00etara bitartean egongo da zabalik. Bertan 18 postu izango ditugu mota guztietako artisauen lanekin. Animatu eta etorri! KITTO EGUNA Zapatuarekin jarraituz, Kitto Elkartearen egun handia ospatuko da 11:30etatik 14:30etara bitartean plazan. Eta bertan, umeentzako puzgarriak egongo dira, musikaz girotutako goiz eder bat pasatzeko. AMUMAREN KARAKOL EGUNA Zapatuan Amumaren Karakol Egunaren bederatzigarren edizioa ospatuko da. Aeroplano Bi elkarteak eta Guria tabernako lagunek antolatuta, 12:00etatik aurrera karakolen txapelketa izango dugu Eskolapeko limoneroan. 3ZPA4 MUSIKA IKUSKIZUNA HURRENGO ASTEAZKENEAN Abenduaren 26an 3zpa4 taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera ezin hobea izango dugu Santi Brouard kiroldegian, 17:30etan. Sarrerak 4 euroren trukean eskuratu ditzakezue Kultur Etxean arratsaldez eta abenduaren 26an bertan kiroldegiko leihatilan. Zatoz 3zpa4-rekin dantzatu eta abestera! FUTBOL, BOLEIBOL ETA IGERIKETA JARDUERAK GABONETAN Gabon egun hauetan hainbat kirol jarduera izango ditugu. Hasteko, abenduaren 26tik 30era bitartean, umeentzako IV. gabon futbol topaketak antolatu ditu Lekeitioko Futbol taldeak. Egun berdinetan, hau da 26tik 30era, Marierrota Boleibol taldeak boleibol gabon kopa antolatu du kiroldegian. Eta bukatzeko, abenduaren 27an Garraitz kirol taldearen igeriketa gabon kopa ospatuko da trinketean.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak
urtea
1309