UDALETIK 02-08

2018-02-08
1.- BADATOZ ARATUSTEAK 2018! Lekeitioko aratusteak zapatuan hasi eta martitzenera arte ospatuko ditugu herrian!! Egitarau berezia egongo da, besteak beste Musika Bandaren kontzertua, Aratuste Alai Estudiantina, Itxaropena txistulari eta Aittitta Makurra  txarangaren kalejirak.... Gainera Aratuste programan lehenbiziz, Suzko zezena irtengo da zapatu eta asteartean. Eguzkilore jubilatuen Abesbatza era kantuan irtengo da.   Eta Jai giroari amaiera emateko, otsailaren 13an, martitzena, goizean eskola eta ikastolako neska-mutikoek kalejira egingo dute Atea kaletik Plazara. Ondoren, “Marrazki bizidunak” antzerkia egingo dute ikastolako umeek Frontoian eta eskolako ikasleek, “Lekeitio, historian zehar” jaialdi-ikuskizuna eskolako jolastokian. Arratsaldean, haurrentzako herriko plazan pailazoak, diskofesta eta txokolatada egongo dira eta baita suzko zezena.  2.- R. M. AZKUE IKASTOLAK  ETA UDALAK HITZARMEN BI SINATU DITUZTE R. M. Azkue Ikastolak eta Udalak hitzarmen bi sinatu dituzte. Lehena, Lekeitioko R.M. Azkue Ikastolaren jarduera eta proiektuak finantzatzeko diru laguntza eta hau kalkulatzeko irizpideak jasotzen duena. Hau horrela, Udalak, Udalkutxatik dagokion likidazioaren %0,825ekoa Ikastolaren jarduera eta proiektuak finantzatzeko diru laguntza bat bideratzeko konpromisua hartu dute erakunde biek. Finantzatuko diren jarduerak oinarrizkoak eta ikasleen bizigarritasun, irisgarritasun zein segurtasuna bermatzeko izango dira. Bigarrena Ateako Eskolaren eraikin atzean dagoen 250.16 m2-ko azalerako lurzatiaren erabilpena lagatzen diona.  Ikastolak duen hezkuntza proiektu berrian patioa dago eta proiektuari aurre egiteko lurzati hau beharrezkoa ikusi da. Udalak behar ez duen bitartean izango litzateke lagapena eta, edozein kasutan, hezkuntzari lotutako erabilera izango du. Era berean, gunea partekatua izango da IES Lekeitio BHIrekin batera. 3.- NAGUSIENTZAKO KE DETEKTAGAILUEN SISTEMA BERRIAK JARRI DIRA ETXEBIZITZETAN Aurreko urteetan egin zen antzera, bakarrik edota beste adinekoren batekin bizi diren 86 urtetik gorako nagusiei, suteen kontra aurrea hartzea ahalbidetzen duen sistema etxean jartzeko aukera eskaini die aurten ere Lekeitioko Udalak. Arrisku egoeren aurrean erreakzio denbora txikitzea du helburu programa honek, bide batez prebentzio azterketa egiten duelarik. Adinekoen egoera eta hauen bizi baldintzak hobetzeko asmoz, azken aldian aztertutako 92 etxebizitzei, aurtengo 8 gehitu behar zaizkie. Hori horrela, gaur egun 100 etxe daude Udalak haien esku jartzen dituen ke detektagailu hauetaz baliatzen. Gogoratu gainera, zerbitzu honen kostu osoa Udalak hartu duela bere gain, hau da, erabiltzaileek ez dute ezer ordaindu behar izan zerbitzu hau erabiltzeagatik. 4.- “GOOGAZ”, GAZTEEN ENPRESA-SORKUNTZA NAHIA LANTZEKO SAIOA  Otsailaren 17an, Googaz mugimenduaren tailerra ospatuko da Lekeition, Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Gazteen enpresa-sorkuntza nahia bultzatzea bilatuko du ekimen honek. Txapelketa bezala planteatuko den ideia-lehiaketa honetan, parte-hartzaileak taldeetan banatu eta herriko problematika edota beharrizan ezberdinei irtenbidea aurkitzen saiatu beharko dira. Enpresa munduko ikasketak dituen euskaldun gazte taldea da Googaz. Arrakasta handiz burutu zituen enpresa-sorkuntza sesioak atzerrian. Beraz, zergatik ez egin gure herrialdean? Lekeitiokoa Bizkaian egiten den 7. sesioa izango da. Parte hartu nahi dutenek, izena eman beharko dute aurretiaz boloak.googaz.biz web-gunean. Ekimena otsailaren 17an ospatuko da, goizeko 10:00etatik aurrera, Barandiaran Aretoan. Gogoratu gainera, zerbitzu honen kostu osoa Udalak hartu duela bere gain, hau da, erabiltzaileek ez dute ezer ordaindu behar izan zerbitzu hau erabiltzeagatik. 6.- EGURALDIA ASTEBURURAKO GIRO EURITSUA ETA HOTZA ITZULIKO DA. Gaur eguerditik aurrera eguraldia hobera egin du eta horrekin batera elur mailak ere gora egin eta 500 metrotara igo da. Ostiralean euria itzuliko da. Lehen orduetan hodei gutxi eta izotza izango da protagonista. Alabaina, goizean hodeiak bizkor ugarituko dira eta euritara joko du. Elur maila 800 metrotan hasieran eta gauerako 200 metrotara jaitsiko da. Larunbatean prezipitazioekin jarraituko dugu batez ere goizean, elur maila 200 metrotan egongo da eta arratsaldean zehar 1000 metrotara igoko da. Igandean fronte berri batek euri dezente ekarriko digu, zaparradek ia ez dute etenik izango eta litro asko pilatzea espero da. Elur maila 1000tik arratsaldez 800era jaitsiko da. Astelehenean asko hoztuko du eta ondorioz elur maila goizpartean 300 metro inguruan kokatuko da. Arratsalderako giro eguzkitsua gailenduko da eta horrek tenperaturen beherakada eragingo du. Asteartean ez dugu prezipitaziorik aurreikusten. Zerua garbi mantenduko da eta ondorioz izotza izango da protagonista. Eguraldi traketsa eta aldakorra beraz datozen egunetan, egunero bideetan zabiltzatenok adi ibili meteorologia iragarpenetara eta gomendioak errespeta itzazue.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak