Nafarroako Gobernuari torturei buruzko ikerketa abiatzeko eskatu dio Nafarroako Torturatuen Sareak

2019-02-02
Eguerdian aurkeztu dute sarea Nafarroan torturen biktima izan diren 55 lagunek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindako ikerketa bera nahi dute Nafarroan. "Azken hamarkadetan herrialde honetan torturak izan duen eragina argitzeko ikerketa ofizial, profesionala eta independentea egitea exijitzen dugu". Argi mintzatu da Oihan Ataun Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpenean. Kezka agertu du auzitegiek ikerketa hori egitea debekatu baitute Nafarroan, Hegoaldeko beste lurraldeetan ez bezala. "Erabat onartezina eta oso mingarria da egia argitara atera dezakeen ikerketari ezarri zaion blokeoa". Egoera horren aurrean, haien eskuetan dagoen guzia eginen dutela azaldu du Ataunek. Bi deialdi luzatu dituzte: Alde batetik, torturak jasan dituztenei sarera batu daitezen eskatu diete. Bestetik, gizarteari babesa emateko galdegin diote, eta haien egitasmoetan parte hartu dezaten eskatu. Adibidez, otsailaren 13an torturaren kontrako eguna da Euskal Herrian, eta protestak antolatuko dituzte. Sarearen datuak Eskakizunak ez ezik, datuak ere eman ditu Nafarroako Torturatuen Sareak. Azaldu dutenez, 1.000 nafar baino gehiago torturatu dituzte poliziek, eta lagun bat hil: Mikel Zabalza. Gogoratu dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hiru aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik: Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel eta Xabier Beortegiren kasuak dira. Gainera, hiru nafarren tortura testigantzei sinesgarritasuna aitortu zion CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak. Sarea aurkeztuta, alderdi politikoekin biltzen hasiko dira orain, haien eskakizuna kontuan hartu dezaten. Torturari buruzko eztabaida piztu nahi du sareak, eta haien eskakizunekin bat egin dezaten, maiatzeko hauteskunde programan ikerketa bilduz, adibidez.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak