Giro paregabea euskararen ofizialtasuna eta hezkuntza publikoa aldarrikatzeko Sortzen jaian

2018-05-20
Iruñeko Antoniutti parkean Sortzen Jaia ospatu da gaur. Milaka eta milaka lagun batu dira euskararen ofizialtasuna eta hezkuntza publikoaren alde. EgunOn! leloarekin, hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen "urrats berriak" ematen jarraitzeko borondate guztiarekin agertu da Sortzen Elkartea gaurkoan, "bai euskararen lurralde osoa barnebilduko duen ofizialtasuna aldarrikatuz, bai D eredua diskriminazio guztien gainetik zabalduz". Eta erronka berria ere jarri dute mahi gainean: gaur egungo Hezkuntza Ereduen "letra zopa" gainditzea "denona den euskara herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko lukeen hizkuntza eredua" ezarriz. "Euskara, hizkuntza, guretzat haizea da, ezin da ebaki, ezin zaio harresirik jarri. Baina errealitatea askoz gordinagoa da. Ofizialtasunak ez digu asetzen; eta Vascuencearen Legearen 30 urte hauetan, pitzadura sozial bat besterik ez du lortu. Hor kokatzen dugu Euskal Eskola Publiko Berriaren marra gorria, mugen gainetik, zonifikazioen gainetik, elkarbizitzaren alde. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan oinarri gisa, gehiago ezin duen itxaron aldaketa da hau. Orain dago pilota Parlamentuko teilatuan" esan dute Sortzen Elkarteko arduradunek. Kataluniari erreferentzia egin diote hasiera ekitaldian. "Hizkuntzaren mugak aipatuz, Kataluniaren murgiltze ereduko ispiluan begiratu izan gara askotan. Elkarbizitza ereduaren erreferente argia. Eta nola ez, nabariago sentitu dute katea bidea egiten hasi direnean. Eta kateak jendarte burujabe baten oinarrietako bat ito nahi izan du: Kataluniako Hezkuntza Sistemak duen altxorretako bat, bere murgiltzen eredua, alegia. Horregatik, Sortzen Elkartetik, ozen oihukatu nahi dugu: No deixarem mais d'enseyar la llengua!" Adin guztietako jarduerak izan dira Sortzen Jaian, baina batez ere, txikiak izan dira protagonistak. Haiendako, jolasak, tailerrak eta puzgarriak. Helduentzako, kontzertuak arratsaldean. Guztiek izan dute tripa betetzeko aukera: taloak, ogitartekoak, edaria, izozkiak... guztiak, bertako produktuak, elikadura burujabetasunari bultzada berri bat emanez.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak