[M1 ekimena] Ernai Oarso-Bidasoa | Zuek zarete erantzuleak!

2017-04-29
Gazteok orain eta etorkizun beltza dugu aurrez aurre agindutakoaren kontrara: edozein enplegu edonolako baldintzetan, langabezia, ezkutuko lana edota atzerrira alde egin beharra da eskaintzen diguten bakarra. Apirilaren 28a osasun laboralaren eguna izan zen. Ezin aipatu gabe utzi, beraz, lan istripuak. Iaz 54 langile erail zituzten eta aurten, prekarietatearen ondorioz iada 22 dira hildakoak. Gainera, salatu nahi dugu lan-merkatuko gaixotasunik larriena prekarietatea bera dela. Horrez gain, osasuna, hezkuntza eta etxebizitza bezalako eskubideak negozio bide bilakatu dituzte, denon eskubideak omen zirenak geroz eta gutxiagoren pribilegio bihurtuz. Ondorioz, gure buruaren jabe eginez emantzipatzea nahiz bizi proiektu bat eraikitzea ezinezko bihurtu dute. Gazteok bizi dugun egoera krudelaren erantzule zuzena PNV dela argi eta garbi esan nahi dugu. Gure egoera "krisi ekonomiko" deitutako iruzurraren aitzakian elite baten mesedetan sistematikoki ezarritako politika jakin batzuen ondorioa da. Adegi nahiz Confebask bezalako elite ekonomiko eta enpresarialek agindu, espainiar estatuak inposatu eta PNVk aplikatutako neurri horien emaitza argia da: gutxiengoa den elite ekonomikoa geroz eta aberatsagoa da; langileok, aldiz, geroz eta pobreagoak. Horren adibide dira, esaterako, Urkulluk Alderdi Inpopularraren babesarekin onartu nahi dituen patronalaren aurrekontuak, baita gestio onaren izenean ate birakariak, Kutxabanken pribatizazioa, AHT, erraustegia eta esku artean dituen beste hamarnaka proiektu. Aski da! Nazkatuta gaude! Nazkatuta zabor kontratuez, enplegurik ezean ikasketak luzatzen aritu beharraz, debalde egin beharreko lan praktikez, inolako aitortzarik gabeko zaintza lanez, behin eta berriz kaleratuak izateaz, ustelkeriaz… Nazkatuta, azken finean, gutxi batzuk gure kontura aberastu daitezen etengabe sakrifizioak egin behar izateaz. Guk BIZI egin nahi dugu, ez iraun! Kapitalismoa bere maila gorenean sufritzen ari garen honetan, argi dugu: independentzia eta sozialismoa ezinbesteko ditugu bestelako jendarte eredu bat eraiki ahal izateko: bizitza erdigunean jarriko duen sistema oso bat eraikitzeko. Honen aurrean dei egiten diogu eskualdeko gazteriari Maiatzaren 1ean Bilbora joateko. Prekarietatearen aurrean antolatu eta borrokatu! Gazte langileok irabaztera!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak