Bediako andrak, bizitzaren ardatzean

2018-11-07
Gaur egun berezkotzat hartzen dogu andrak eta gizonak eguneroko zereginetan batera edo bardintsu agertzea. Baina hori ez da beti holan izan. ‘Etxekoandra’ berbeak beste sasoi batzuk dakarskuz gogoramenera: ume partidea eukiteaz ganera, euren ardurapean egozala etxeko zereginik gehienak: umeak hazten eta hezten, etxeko zaharrak irribarrez jagoten, ortuan eta soloan atxurren; eta hori gitxi balitz, beste hainbat eta hainbat ohitura eta zeregin: eguneroko errosarioa esaten, senitartekoakaz hartuemonak jagoten, hileta-zereginak betetzen eta zer ez! Gure etxekoandrak inoren alaba, inoren emazte eta inoren ama izan dira. Zeregin guztiok inongo harrokeria barik bete izan dabez, zintzo-zintzo, eta ixil-ixilik. Etxetik kanpora be egin izan dabez behar mota batzuk: inude zein kriada, bendejea plazan saldu, maistra, dendari, tabernetan nekez sartzen ziran arren taberna gehienetan andrak egozan zerbitzari..., ezkon aurretik fabriketan be behar egiten eben Dinamitan eta Josefinan kasurako. Andrazkoen zereginak familiari lotuta egotean, ardura handia hartzen eben familiako, herriko eta heziketako baloreak transmititzen. Sarri-sarri eurak erakutsi izan deutsee umeei beharrak egiten, otoitzak esaten, zer dagoan ondo eta zer ez bereizten, kantuak eta ipuinak kontetan… Ha ta guzti be, horreri ez jako baliorik emon izan, ez dago historiako liburuetan, herriko kroniketan ez kale-izendegietan. Holangoetan etxetik kanpoko erantzukizunak euki dabezanen izenak agertzen dira, gehienetan gizonezkoenak, aginte eta ardura lekuetan gizonak egon izan diralako. Andrak gizartean leku eta ikusgarritasun handiagoa hartu ahala, euren zereginak eta beharrak be agiriago jarri dira. Eta ez hori bakarrik, orain balioa emoten jake eta holan, andrazkoen lanak, ardurak eta jokabideak be ondaretzat hartzen dira, gaur lehen baino gehiago. Bizitzaren ezkutuko ardatz izatetik ondare horren protagonista izatera jagi dira. Bedian bertan, geure neurrian, aldaketa hori agiri-agirian bizi izan dogu. Horixe ikusiko dogu herriko jenteak berak esanda, belaunaldi ezbardinetako personen lekukotasunaren bitartez...
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak