BIXENTE MARTINEZ - TXORIA BURUAN ETA IBILI MUNDUAN - TEASER
2021-09-30
“TXORIA BURUAN ETA IBILI MUNDUAN”
BIXENTE MARTINEZEN LEHEN BAKARKAKO LANA.
Bixente Martinez gitarrajotzailearen lehen bakarkako lana aurkeztu nahi dizuegu. “Txoria buruan eta ibili munduan” du izena, eta Oskorri taldearen errepertorioko kantuetan oinarritua da.
Lan honen ideia 2020ko konfinamendu gogorreko egunetan sortu zen. Denok etxean sartuta egotera behartuta egon ginen une haietan, gitarra hartu eta doinu eta aire ezberdinekin hasi zen jolasten.
Eta oso modu naturalean Oskorriren kantu hauek etorri ziren bere eskuetara.
Oskorriren errepertoriotik ateratako kantu hauek biluztuak izan dira, beren barruko esentziaren bila, eta hortik hasita eraiki dira moldaketa berriak.
Askotariko kantuak topatu daitezke lan honetan. Adibidez, “Aita semeak”, “Ostatuko neskatxaren koplak” edo “Gu gaituzu Oskorri” kantu ezagunak;
haurrei dedikatutakoak, “Txalopin txalo” edo “Din dan, nor hil da”, eta baita “Axuri beltza” dantza ezagunaren bertsio apurtzailea ere.
Grabazioa Bixente Martinezek berak Zarautzen duen estudioan egin da 2021eko apirila eta maiatza bitartean.
Mota askoko gitarrak erabili dira, hala nola, akustikoa, elektrikoa eta mandogitarra, gehi pedal eta efektu ezberdinak.
Nahasketak Jean Phocasek egin ditu eta masterizazioa Victor Sanchezek.
Aipatzekoa da azalean Esther Galarzak egin duen arte-lana. Diseinua, berriz, Irune Izquierdok egin du.
Diskoa Binilo+Kd formatuan aterako da.
Aurkezpen kontzertuetan, Bixente Martinezekin batera, Haatik Dantza Konpainiako Leire Romero eta Aimar Odriozola dantzariak egongo dira, Aiert Beobideren zuzendaritzapean.
ZUZENEKO AURKEZPENAK:
2021.ko urriaren 3an izango da Getxoko Muxikebarri Zentroan
2021.ko urriaren 15ean Zarauzko Modelo Aretoan.