UDALETIK 05-31

2018-05-31
1.-BIHARTIK AURRERA, PORTUA OINEZKOENTZAT ETA LEKITTARRENTZAKO APARKALEKU ERRESERBATUAK MARTXAN Hondartzako denboraldiarekin batera, bihartik aurrera, portuan oinezkoei lehentasuna emango zaie. Horretarako, portuko gruatik hasi eta marina tabernara arte, astelehenetik zapatura autoak ezin izango dira aparkatu 14:30etatik hurrengo eguneko goizeko 8:00ak bitartean, eta domeka eta jai egunetan ezin izango da aparkatu egun osoan. Ekimenak jarraipena izango du. Oraindik aurrera, urte guztira zabalduko da, hondartzako denboraldia izan hala ez. Bestalde, gogoratu lekittarrentzat araututako aparkalekuak ere martxan hasiko direla bihar, udalerritik kanpo lan egiten duten herritarrek herrira bueltatzean euren autoa aparkatzeko aukera gehiago izateko. Herriko bost gunetan erreserbatuta dauden 366 aparkalekuetan kotxea uzteko, herritarrek zerbitzuaren onuradun izateko txartela eduki behar dute ikusgarri autoaren aurrekaldean. Beraz, ekainaren 1tik irailaren 30era bitartean, astelehenetik barikura, 14:30etik 21:30etara, lekittarrek bakarrik aparkatu ahalko dute marra berdez bereizitako guneetan. Oraindik txartela ez dutenek, ekainaren 7ra arte eskuratu ahalko dute turismo bulegoan. 2.-HASI DIRA SANTA KATALINAKO PASEALEKUAREN FASE BERRIKO OBRAK Santa Katalina ibilbidea luzatzeko proiektuak aurrera jarraitzen du. Orain, ibilbidearen urbanizazioa eta egokitzapenaren hirugarren fasea hasiko da. 100 metro inguru izango dituen zati honetan, oinezkoentzako bideak kulunka edo kolunpioak igaroko ditu, herriaren eta gune honen arteko bidea osatuz. Fase honetako lanek 2 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da, abuzturako amaituta egoteko. 3.-HELDU DA “ZAPRAN GAGOZ” EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA!! Badator Euskal Eskola Publikoaren Jaia! Eta hau ospatzeko ekintzaz betetako asteburua izango dugu Lekeition! Zapatuan, Zapran Gagoz bezperan, arratsaldeko 17:30etan egurrezko jolasak eta talo tailerra izango ditugu plazan, ondoren, 20:00etan Laket erromeri taldea eta bukatzeko, 22:30etan “Zapran sutara zatoz” su ikuskizuna Lekittoko deabruen eskutik. Eta domekan, Zapran Gagoz! Euskal Eskola Publikoaren Jairen egun handia izango dugu herriko hainbat puntutan. Hasiera ekitaldia goizeko 10:30etan izango da eskolan kaxarranka eta euskal dantzekin girotua. Ondoren, kalejira erraldoia egingo dute eta hortik aurrera aukera anitz izango dituzue: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, herri kirolak, musika kontzertuak, tailerrak, puzgarriak, dantzak edota magia ikuskizunak. Beraz, gustu guztietarako jarduerak izango dituzue! Ekintza guzti hauek, eskola, atea kalean, eskolapean, plazan, portuan eta parkean burutuko dira. Hortaz, asteburu honetan Zapran egon nahi baldin baduzue, etorri Lekeition ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaira! BOLONDRES BILA DABILTZA KALEKAREN 29. EDIZIORAKO! Kalekaren 29.edizioarako bolondresak bilatzen ari dira. Jendea ezagutu, gaur eguneko sorkuntzaren munduan barneratu eta esperientzia profesionala jasotzeko aukera baten bila bazabiltza, animatu izena ematera ekainaren 3a baino lehen,www.kaleka.euswebguneko “deialdiak” izeneko atalean. 5.- ERREPORTAJEA: ABAROA JAUREGIA Bada Lekeition xarma berezia duen jauregi bat, Abaroa Jauregia. 1891an hasi zen eraikitzen. Garai horretan, Jose Maria Abaroa lekeitiarra Parisen bizi zen baina udarako egoitza bat nahi zuen bere jaioterrian. Proiektua Alfred Feneir izeneko arkitekto frantses ospetsuari eskatu zion. Nahiz eta garai horretako etxe guztiak egurrez egiten ziren, Abaroan metalezko estrukturak erabili ziren sendoagoa egiteko, hortaz esan dezakegu une hartan abanguardiako eraikina zela. Urte batzuk geroago, 1940ko hamarkadan, jauregia Agustindar Errekoleto monjen egoitza bihurtu zen, eta haien beharrizanetara egokitu zen eraikina. Baina duela 15 bat urte, monja hauek eraikina utzi zuten eraikin berri erosoago eta egokituago batera joateko. 2015ean, gainera, Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasuneko monumentu izendatu zuen Abaroa Jauregia.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak