Abenduak 6, ezer ez ospatzeko, gazteok independentzia!

2020-12-06
ABENDUAK 6 EZER EZ OSPATZEKO GAZTEOK INDEPENDENTZIA! 78ko erregimenaren zutabe eta adierazpen nagusietako bat da konstituzioa. Inposizio kapitalista patriarkalaren sinboloa. Espainiar proiektuaren batasuna guztiaren gainetik kokatu eta eta herritarron eskubideak hitz hutsaletan uzten dituen konstituzioa da. Etxebizitza duin baten eskubidea herritar ororentzat bermatu behar dela esaten duen konstituzioaren 47. artikuluari 42 urte muzin egiten daramaten berdinek daramate 42 urtez espainiar batasun zatiezinaren artikulua baldintza ororen gainetik defendatzen. Eta berdina esan dezakegu lanerako eta norberaren beharrak asetzeko nahikoa izango den erremunerazio bat bermatu behar dela esaten duen 35. artikulari buruz. Edo sexu, arraza edota iritziengatik diskriminazioa baztertu eta herritar guztiak berdinak direla jasotzen duen 14. artikuluari buruz... 78ko erregimena da espainiar proiektuaren azken mutazioa. Agortuta zegoen diktaduraren amaierak ekar zitzakeen aldaketak ikusita, Francok berak Espainiaren oinarriak bere horretan mantenduko zituen moldaketak planifikatu eta garatu zituen. “Dena lotuta eta ongi lotuta” utzi zuen diktadoreak. Frankismoa legeztatu, legitimatu eta biziraunarazi zuen erreforma politikoak; dena liburu sakratuaren txapelpean: espainiar konstituzioan. Euskal Herria bizirik mantendu nahi zuen herri borrokak eta langile auto-antolakuntzak aurre egin zion inposatu nahi izan zuten erreforma politiko odoltsuari. Garatu beharreko oinarri gisan saldu zuten 78ko konstituzioa. Sorturiko agertoki post-frankistan, hausturaren aldeko posizioei uko egin eta paktuen bidezko hegemonia politiko eta ekonomikoa eskuratu nahi izan zuten indar politikoek. Kea besterik ez. Gaur inoiz baino argiago ikusten duguna. Francok bere ohetik diseinatutako operazio perfektuari Abu Dabira ihes egin berri duen Juan Carlos I.a Borboiaren figura gehitu zitzaion. Erregimenari egonkortasuna, mozorro demokratikoa eta kanpo interlokuzioa emateko erreferentzia. Baina, espainiar erregimenaren egonkortasun eta kontsentsu elementu zena, beharbada katebegi ahulena bilakatu da; gizartean desatxikimendu handiena sortzen duena, eta aldi berean, erregimenak berak gehien babesten duena baita egun. 40 urteren bueltako ibilbideari erreparatuta erregimenaren oinarriak kolokan daude inoiz baino gehiago. Badakigu nondik bultza egin katebegirik ahulenaren aurrean Euskal Errepublikaren aldeko urratsak ematen jarraitzeko. Gazteok ez dugu 78ko erregimena onartzen, ez dugu inposizio kapitalista-patriarkalaren sinboloa den konstituzioa onartzen. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da norabide horretan bultza egitea. 78ko Erregimenaren baitan bizitzak zaurgarriak baziren, are zaurgarriago bihurtu dira pandemia garaian. Bizitzak eta osasuna erdigunean jartzeko eredu sozial eta ekonomiko berri baten beharra agerikoa den moduan, are argiago dago eredu horretarako baldintza oinarrizkoena burujabetza dela. Euskal Herriak Euskal Errepublikaren aterkipean eraikiko duen eredu sozial, politiko eta ekonomiko berria izango da geure bizitzen berme. Duela 50 urte Burgoseko prozesuan gazte ameslari haiek egin bezala, herri honen bizi nahia eta askatasun grina eraisten saiatzen direnen aurrean, geroa eraikitzen, Independentzia, Sozialismoa eta Feminismora bidea egiten jarraitzen dugu. Alorrez alor, herriz herri eta harriz harri. Bide horretan, lurperatu dezagun behin betiko espainiar konstituzioa eta bere inposizioa! Galdakaoko Ernai 2020ko abenduaren 6a
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak