UDALETIK 08-09

2018-08-09
1.- ITXAS SOINUA MUSIKALDIA ABUZTUAREN 10ETIK 15ERA Lekeitioko Itxas Soinua musikaldiak 40. urteurrena ospatuko du abuztuaren 10etik 15era bitartean, Andra Mari elizan egingo den sei eguneko jaialdian. Gainera Ama Dominikarren 650. urteurrena dela eta, bertan dagoen “clavicembaloa” erabiliko dute musikaldian Khantoria taldekoek abuztuaren 10ean. Eta hurrengo egunean, abuztuak 11, zapatuan… Abuztuaren 12an, Bilboko Orkestra Sinfonikoa izango dugu, Lara Diloy-en zuzendaritza pean eta Sandra Ibarreche klarinetistarekin. Abuztuaren 13an berriz, Bilbao Sinfonietta kuartetoa eta hurrengo egunean, Bios Orquesta Camara izango dugu. Eta amaitzeko, abuztuaren 15ean… Gogoratu kontzertu guztiak Andra Mari Elizan izango direla, gaueko 22:00etatik aurrera. Sarrerak 5 euroren trukean egongo dira salgai turismo bulegoan eta elizan bertan. 2.- ISLAKO ERMITAN EGINGO DEN INDUSKETARAKO BOLUNTARIOAK BEHAR DITUZTE ABUZTUAREN 11tik 14ra Islako ondare historikoa balioan ipintzeko “Garraitz 25” egitasmoaren barruan, abuztuaren 11tik 14ra bitartean indusketa lanak antolatu ditu Atabaka elkarteak, Aranzadiko arkeologoen laguntzarekin. Eta lan hauek egiteko boluntarioak behar dituzte. Irlan aurkitzen den ermitaren barruko eremuan, eta honi itsatsita iaz aurkitutako hormari, jarraipena ematea dute helburu aurtengo lanek. Indusketa arkeologikoak zelan egiten diren ikusi eta ikasteko aukera paregabea egongo da. Parte hartzeko hurbildu islako moilara zapatuan 9:00etan, 9:30ean domekan, 10:00etan astelehenean eta 10:30ean martitzenean. 3.-AGENDA + KIROLDEGIKO IKASTAROAK Asteburu honetan ere kultur ekintza ugari izango ditugu. Hasteko bihar, abuztuak 10, iluntzean, Hegaluze Erre Dastaketa egingo da plazan udalak eta kirol taldeek antolatuta. Era berean, zapatuan Baserri Azoka egingo da plazan goizean zehar, Lea Artibai Landa Garapenenerako elkarteak antolatuta. Eta azokekin jarraituz, domekan, Esku Abilen Topaketa ospatuko da, eskulan ezberdinak ikusteko aukera izango dugu egunean zehar plazan. Bestalde, kiroldegiak ikasturte honetako ikastaroetan izena emateko epea irekiko du abuztuaren 13tik aurrera. Ballet, pilates, yoga, zumba edota beste hainbat aukera izango dituzue. Beraz, kirola gustuko baduzue, hurbildu kiroldegia eta eman izena irailaren 16 baino lehen. 4.- (ETA AMAIERAN…) ERREPORTAJEA: 41. EUSKAL ZINE BILERA Euskal Zine Bilera heltzeko hilabete gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Euskarazko zinema lantzen duen jaialdiak 41 urte beteko ditu aurten eta 40 gehi bat lema pean aldaketa ugari izango ditu. Abuztuaren 3an zarratu zen lanak aurkezteko epea. Deialdian aurkeztu ziren 50 lanetatik orain aukeraketa bat egingo da eta hauek, urriaren 6tik 12ra bitartean ospatuko den jaialdian zehar emango dira. Hasteko, bigarren urtez jarraian, urriaren 6tik 7ra bitartean Kameratoia ospatuko da, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. Bestalde, lan profesional eta amateurren arteko aldea geroz eta txikiagoa da, eta jada, oso zaila da batzuen zein besteen artean ezberdintzea. Hortaz, edizio berri honetan, bi kategorien bereizketa desegin egingo da. Hala ere, arlo ez profesionalari erantzuna eman nahian aurten zine ondarea indartzea bilatuko duen atal berezia izango dugu. Film hauek aurkezteko deialdia abuztu amaieran irekiko da. Beraz, 40+1-garren edizio hau berrikuntza nabarmenak izango ditu. Gogoratu beraz urriaren 6tik 12ra hitzordua izango duzuela Lekeitioko Euskal Zine Bilerarekin. ASTEBURURAKO UDAKO GIROA BUELTATUKO DA. Gaur tenperatura jaitsi eta maximoetan ozta-ozta gainditu ditu 20 ºC-ren muga. Goizean zaparradak trumoitsuak izan ditugu, arratsaldean zaparradak eten eta zerua hodeitsu geratu da. Barikuan tenperatura maximoak igotzen hasiko dira baina minimoak oraindik freskoak izango dira. Goizean hodei gehiago izango ditugu, eta zirimiria egin dezake, arratsaldean aldiz atertzera egin eta zeruan hodei gutxiago izango ditugu. Zapatuan udako giroa bueltatuko da. Tenperatura nabarmen igoko da, balio beroenak 25ºC-ren muga gaindituz. Giro eguzkitsua nagusituko da eta beroaren eraginez baliteke arratsaldean brisa sartzea eta ekaitz hodeiak garatzea. Domekan udako giroarekin jarraituko dugu eta tenperatura maximoak 30ºCren bueltan geratuz. Beroaren eraginez arratsaldean ekaitz hodeiak garatu eta Zaparrada trukoitsuak izango ditugu baliteke zaparrada gogorrak izatea. Hurrengo astea euriarekin eta tenperatura freskoekin hasiko dugu. UDALETIK OPORRETARA DOA Gaurkoarekin badira 48 saio Udaletik hasi zenetik. Ia urtebete gure herrian gertatzen diren albisteak kontatzen, astero 1.600 ikusletik gora batuz. Guztira 235 albiste eta gai ezberdinez hitz egin da: albisteak, gertakariak, erreportajeak, kultura, kirola, asteburuko agenda, ikusgarri aretoko programazioa edota eguraldia. Eta udan zehar herriko albisteak erakusten ibili ostean, hurrengo bi asteetan oporretan goaz gu ere. Hortaz, abuztuaren 30ean ikusiko gara berriro, Lekeitioko albiste guztien berri emanez! Ondo izan ordura arte!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak