UDALETIK 10-31

2018-10-31
UDALETIK 10-31 1.- LEKEITIOK 693. URTE BETETZEN DITU 2018ko azaroaren 3an, Lekeitioko hiribilduak 693 urte beteko ditu, 1325. urtean Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak, herriari fundazio karta eman baitzion. Itsasoa bertatik bertara izanda,  Lekeitio itsasoaren inguruan kokatu zen eta arrantza mundutik bizi.  Biztanleria Santa Maria elizatik hurre kokatzen zen. MAITE GARAMENDI - LEKEITIOKO UDALEKO ARTXIBO TEKNIKARIA "1325ean zegoen eliza ez dugu pentsatu behar dela gaur egun ikusten duguna, hau XV. mende amaieran amaitu zen egiten. Lehen egon zenaren kontura ez dakigu gauza handirik, segurutik erromaniko estilokoa izango zen, behintzat ama birjina bat dugu estilo horretakoa, Antiguako Ama. Arranegi kalearen inguruan arrantzaleen mundua kokatzen zen eta Dendari partean berriz artisauak eta merkatariak. Fundazio karta eman eta gutxira gune biak harresi batez inguratu ziren." Lekeitioko elizateak fundazio karta eskuratu zuenean, hau hiribildu bihurtu zen. Horrela hainbat onura juridiko, merkatal edota erlijioso eskuratu zituen. Karta honek gainera, herriko mugak ezarri zituen, inguruko elizate eta burdinolekin borroka sortuz. "Fundazio kartak herriko mugak ezartzeaz gain, beste gauza garrantzitsu bi ere zehazten ditu: Bata, pribilegio batzuk ematen zituen, bertokoei eta bertora bizitzen etorriko zirenei, adibidez, hainbat mendatetan zergarik ordaindu behar ez izatea. Eta bigarren gauza garrantzitsua da Logroñoko forua ematen dela. Hau izango da herria duen lehen araudi idatzia, eta hau da hain zuzen artxiboan gordetzen den dokumentu zaharrena." Esan bezala aurten 693. urteurrena ospatuko da, baina begirada guztiak 2025ean jarrita daude, Lekeitioko Hiribilduak 700 urte beteko dituen unean. 2.- ARROPAIN AUZOKO LOSA BERRIA EGITEN HASI DIRA Arropain auzoan dagoen errepidean losa berria egiteko lanak hasi dira aste honetan. Oinezkoei lehentasuna ematea bilatuko da bidearen ezker aldean egingo den espaloiarekin, egun dagoen oinezkoen ibilbidea osatuz. Hori horrela, errepidea kale bihurtuko da eta oinezkoak bertatik igarotzea erraztuko da, bide-segurtasuna ziurtatuz. Arropain auzoa, Ispaster eta Lekeitioko udalerrien mugan dago eta, beraz, lanak bi herrien artean kudeatuko dira. Gainera, obrak iraun bitartean, errail bat itxita egongo da eta semaforoa jarriko da trafikoa bideratzeko. Lanek 4 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. 3.- BIHARTIK AURRERA HAINBAT EKINTZA LEKEITIOREN URTEURRENA OSPATZEKO Lekeitioko Hiribilduaren urteurrena ospatzeko azaroaren 1etik 4ra bitartean hainbat ekintza egingo dira. Bihar bertan, Lekitto Bixirik herri krosaren XI. edizioa ospatuko da. Udalak eta Amandarri Triatloi taldeak antolatutako lasterketan oraindik izena eman ez dutenek bihar bertan egin ahalko dute kontzijopean lasterketa hasi aurretik. 11:30etatik aurrera adin ezberdineko korrikalariei bideratuko lasterketak egingo dira. ELKARRIZKETA: ANDER OKAMIKA – AMANDARRI TRIATLOI TALDEA "Umeetan hiru kategori desberdin ditugu, lehenengokoa izango zen HH3, HH4 eta HH5, hauen proba hasiko zen 11:30etan eta portutik zehar 400m egin behar dituzte. Gero bigarren kategoria umeena izango zen ba LH1, LH2 eta LH3, horiek ere portutik zehar 1000m egin beharko dituzte. Eta gero azkenengo kategoria umeena izango zen LH4, LH5 eta LH6 eta horiek ere 1500m egin behar dituzte portutik zehar. Behin proba hauek amaitu eta gero, 12:15etan hasiko zen nagusiena. Hauek 5,5km egingo dituzte herritik zehar." Bestalde, zapatuan, 12:00etan Lekeitioko Hiribilduaren urteurrena ospatzeko kanpaien jotzea, buruhandiak eta Itxaropena txistulari taldearen kalejira izango ditugu. Arratsaldean, berriz, Kultur Etxeko Azkue aretoan, Maria Diaz de Haro, Bizkaiko Anderea eta Lekeitioko hiribilduaren sortzaile izan zenaren inguruko hitzaldia egongo da 18:00etan. Eta domekan, hirugarren urtez jarraian, 9:00etatik aurrera, Bizkaia Kopa Trail lasterketa izango dugu herrian. Kirol jarduera ikusgarri honek mendi martxa, traila, mountain bike eta txakur krosa batuko ditu. 4.- GAZTEETZAKO ETXEBIZITZA ALOKAIRURAKO DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO AZKEN EGUNAK Aurten ere, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak jaso ahalko dituzte. Lekeitioko Udalak onartutako diru-laguntza programa honen helburua, herriko gazteek arrazoizko prezioan etxebizitzak errentan hartu ahal izatea da, horrela, autonomia eta emantzipatzea lortzen laguntzeko. "ELKARRIZKETA: OIER ZUBEROGOITIA – GAZTERIA SAILEKO ZINEGOTZIA Aipatutako diru-laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa da etxebizitza Lekeitioko udalerrian kokatuta egotea eta elkarbizitza unitateko kideetako bat gutxienez Lekeition erroldatuta egotea." Baldintzak betetzen dituzten etxebizitzek, gehienez hilabeteko 100 euroko laguntza jaso ahalko dute. Eskaera epea azaroaren 16ra arte mantenduko da zabalik. Informazio gehiago www.lekeitio.eus-en.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak