Gai gara

2020-02-10
Otsailaren 11 Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeak. Egunarekin bat egiteko "Gai gara" bideoa egin dugu. Bideoarekin agerian utzi nahi izan dugu unibertsitate aurreko ikasketak egiten ari diren gazteek nola ikusten duten emakumeek zientziaren munduan duten egoera. Bideoan agertzen diren neska-mutilekin bat gatoz: ez gaude ados egungo egoerarekin, bidegabea da. Gainera, neska-mutil horien baikortasuna partekatu nahi dugu, baita euren gaitasunekin duten konfiantza ere. Baina baikortasun hori gizon-emakumeen eskubide eta aukera berdintasunean aurrerapausoak ematearekin justifikatzeko, ekintzak beharrezkoak dira; lan egiten jarraitu behar da. Horixe da Kultura Zientifikoko Katedraren jomuga. Eta horregatik, guretzat, bihar emakume eta neska zientzialarien eguna izango da, atzo bezalaxe. "Gai gara" K2000 enpresak ekoiztu du, Jose A. Pérez Ledok zuzendu du eta Bizkaiko Begoñazpi Ikastolan grabatu da. Eskerrak eman nahi dizkiogu ikastetxeari emandako laguntza eta babesarengatik. Bideoak Iberdrolaren laguntza izan du.