UDALETIK 1-4

2018-01-04
1- MERKATU PLAZA ITXITA EGONGO DA DATORREN ASTEAN. Azken asteetan Lekeitioko Udala hobekuntza lanak egiten ari da Merkatu Plazan. Saneamendu berria jarri da, igogailuan hobekuntzak egin dira eta orain behenganea aldatuko da. Datorren astean, beraz, behengane berria jarri ahal izateko, Merkatu Plaza itxita egongo da. Guztira, Udalak, 49.943 euro inbertituko ditu Merkatu Plazan. Parkatu eragozpenak. 2. BADATOZ HIRU ERREGEAK!! Urtarrilaren 5ean, Trakata Trakatran taldeak antolatuta, hiru erregeen kabalgata egongo da. Itsasotik helduko dira herrira eta 18:00etan abadeen moilan izango dira erregeak. Herritik kalejiran ibili ondoren, frontoira joango dira haurrekin egoteko. Jantzi zaitez mahonezko, baserritar, dantzari… Aurten ere, errege egunean, hau da, urtarrilaren 6an, zapatuan, Bonbilloneko kabalgatia izango dugu. 12:00etan irtengo da Traola Produkzioak estudiotik. Ondoren kalejiran joango dira erregeak Udaletxe aurretik, Arranegira eta Kai Abija Tabernan geratuko dira apur batean. Gero portutik, Talara joan eta merkatu plazan bigarren parada egingo dute. Santa Katalinako palmeratik sartu eta Trinkete Etxean hamaiketakoa hartuko dute. Ostean, San Andresetik Aittapiel-erantz egingo dute, eskolapetik Piñuperantz joateko. Piñupetik Traolara bueltatuko dira eta kalejira bukatu 15:00ak aldean. Hurbildu zaitez!! Romi Markes Bonbilloneko Kabalgatako Kidea 3. IKUSGARRI ZINE ARETOA ERABILTZEKO HITZARMENA SINATU DUTE UDALAK ETA LEKEITIOKO ZINEMAZALEEN ELKARTEAK. Lekeitioko Udalak eta Lekeitioko Zinemazaleen Elkartea - k Ikusgarri Zine Aretoa partekatzeko eta erabiltzeko hitzarmena sinatu zuten abenduaren 29an. Lankidetza hitzarmen honen indarraldiak, printzipioz, bat egiten du Lekeitioko Udalak eta Parrokiak Ikusgarri Aretoaren alokairuaren inguruan sinatutako kontratuenarekin, beraz 2021ko abendura arte. Erabileraz gain, hirugarren urtez ikusgarri aretoan ekintza kultural desberdinak antolatzeko konpromisoa hartu du Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteak. Antolatutako ekintzetan galerak egonez gero, Udalak hauen erdia bere gain hartuko luke. 2017. urtean antolatutako ekintzek, oso emaitza onak izan zituzten, 2.500-2.800 herritar hurbildu baitziren. 14 ekintza antolatu ziren iaz; kontzertuak, antzerkia, bakarrizketak eta hitzaldiak. 2018rako udalak diru partida gehituko du, ekintza kopurua handitzeko eta kalitatea hobetzeko. Aipatu baita, Udalak Aretoak ematen dituen zerbitzuak hobetzeko zenbait inbertsio egingo dituela, hala nola, argi eta soinu ekipo berria erostea. HAINBAT KULTUR EKINTZA ZINEMAZALEEN ESKUTIK Urtarrilaren 12an etxeko saltsak komediazko antzezlan dibertigarriaz gozatzeko aukera izango dugu 20:30etan ikusgarri aretoan. sarrerak eskuragarri daude Traola Estudioan eta Kultur Etxean 10€-ren truke. Aurten ere Goazen! Denok Antzerkira. Goazeneko lagunak Lekeitioko Ikusgarri Aretoan izango ditugu otsailaren 4ean saio bikoitza eskeintzeko. lehena 12:30etan eta bigarrena 17etan, ez galdu aukera eta lortu sarrera urtarrilaren 8tik aurrera Traola Estudioan edo Kultur Etxean 10€ren truke. SE ARMÓ EL BELÉN Bo, asto txiki ausarta, eguneroko bizimoduaz aspertuta dago. Asperdura gainetik kentzeko, bere ametsetako abenturari ekitea erabakiko du… Bidaian, lagun berriak egingo ditu: Ruth, artaldea galdu duen ardi adoretsua, eta Dave, asmo handiak dituen usoa. Bidea izar bati jarraika egingo dute, eta bertan, hiru gamelu eta beste animalia eszentriko batzuk aurkituko dituzte … STAR WARS Aurreko ataleko gertaerei jarraikiz, jedi bihurtzeko ikasten hasiko da Rey, eta Luke Skywalker izango du maisu. Baina irakaslea kezkatuta dago gazteak indarrarekin duen lotura ikaragarriarekin. Erresistentzia , bitartean, lanean ari da Kylo Renen aurkako borrokari ekiteko. EGURALDIA. ASTEBURURAKO EURIA ETENIK GABE EGIN ETA LITRO ASKO PILATUKO DIRA. Gaur hobera egingo du eguraldiak. Zerua nahiko garbi egon da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodei batzuekin. Bihar fronte hotz aktibo batek bete-betean eragingo digu. Goizak aurrera egin ahala zerua estaldu eta euria egiten hasiko da. Gauean botako du euri gehien. Larunbat eta Igandean zaparradekin jarraituko dugu, Egun osoan egingo du euria eta litro asko pilatuko dira. Zaparrada mardulenak larunbat goizean eta igande arratsalderako espero ditugu. Tenperaturak ere behera egingo dute eta ondorioz elur maila astebururako 600-800 metrotan kokatuko da. Astelehenetik aurrera badirudi ateri eutsiko diola, zeruan hodeiak izango ditugu baina ez dugu prezipitaziorik izango, hori bai, tenperatura minimoak hotzak izango dira.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak