[Udako Kalera Martxa] 8.eguna: Altsasutik Lakuntzara

2017-07-28
Iritsi gara Hatortxura. Lortu dugu. Gernikatik irten ginen hilaren 20an. Zortzi egunez herririk herri ibili gara, presoak, iheslariak eta deportatuak kalean nahi ditugula aldarrikatzen. Ibarratik Altsasura arteko bidea autobusez egin dugu gaurkoan. Nafarroako lurretan eguzkia izan dugu jaun eta jabe. Bero! Lainopean eta euripean horrenbeste ibili ondoren, harrigarria egin zaigu eguzkia. Altsasun Miren Sabaltza Sortuko kideak hedabideen aurrean esan du herri honek presorik, iheslaririk eta deportaturik gabe bizitzea merezi duela; bake garaia dela eta gerra estrategiak onartezinak direla. Horrekin batera, indar armatuei hemendik alde egiteko exigitu die. Erantzuna berehalaxe etorri da. Altsasutik irten eta kilometro batzutara Guardia Zibilaren bost Patrol zenbatu ditugu. Lau lagun identifikatu dituzte eta antolatzaileei martxako paperak eskatu dizkiete. Gerra estrategiarekin jarraitu nahi dute, kosta ala kosta. Aurrera egin dugu, ez gaituzte geldituko eta gure aldarrikapenarekin segiko dugu. Gero Etxarrira iritsi gara. Ohi legez, harrera beroa egin digute. Bazkari ederra. Azken argazkia ibiltariok elkarrekin. Azken oharra. Lakuntzara bitarteko azken kilometroak bukaeran pentsatzen egin ditugu. Batzuk Hatortxuko kontzertuekin gozatuko dute. Beste batzuk etxera doaz: etxeko ohea, dutxa eta komuna zein gustura hartuko dituzten! Martxako lagunei agur esateko probestu ditugu azken kilometroak. Martxak aho-zapore ezin hobea utzi digu. Pozik gaude egindako bidearekin, giroarekin. Lakuntzan ezin genuen hobeto amaitu. Bukaera apoteoosikoa izan dugu. Kontzertuetara zetozen ehunka gazte batu zaizkigu PRESOAK KALERA! aldarriarekin bat eginez. Bati baino gehiagori negar malkoak irten zaizkio. Barruak erabat mugitu zaizkigu. Lortu dugu. Orain, denon artean, presoak, deportatuak eta iheslariak kalera ekarri behar ditugu. Lortuko dugu!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak