ABENDUKO ALBISTEGIA

2022-12-23
Ziklo berri bati hasiera eman diogu Euskalgintzaren Kontseiluan. Baina ekiteko grina ez da aldatu: Euskararen Nazioarteko Egunarekin eman genion hasiera abenduari. Egun horretan, EAEko Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru neurri biltzen dituen adierazpena aurkeztu genuen: «Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz». Hezkuntza, kultura eta euskararen munduko 221 aditu, sortzaile eta profesionalen atxikimendua jaso du dagoeneko, eta laster ekingo diogu sinadura bilketa masiboari. Halaber, abenduaren 6an, Kontseiluaren 25. urteurrenean, eman genion hasiera ziklo berriari. Aurrerantzean, Idurre Eskisabel Larrañaga izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Durangoko ekitaldian aurkeztu genuen bezala. Eta lanean jarraitu dugu, noski, aldaketa egin ondoren ere. Abenduaren 15ean, Nafarroako Euskararen Legeak 36 urte bete dituenean, euskaldunak zokoratu eta herritarrak diskriminatzen dituen lege honen aurrean berdintasuna, kohesioa eta justizia soziala eskatu ditugu. Horregatik, Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko kanpaina abiatu dugu. Urte bukaera ere gainean dugu; gu prest gaude urte berriari hasiera eman eta itsaso berrietan murgiltzeko. Espero dugu urte berri hau ona izatea euskararentzat, euskaldunontzat eta euskaltzale guztiontzat! ___ Gure ekimen eta albisteen berri jaso nahi baduzu, jarrai gaitzazu sare sozialetan eta www.kontseilua.eus webgunean.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak