Zaintza lanak aitortu orain, cuidar el cuidado

2021-01-26
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek egindako lehen greba eguna dela-eta, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak hartu ditugu, “Zaintza lanak aitortu orain!” leloarekin, zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren defentsan. Pikete Feminista goizean goiz mobilizatu da, zaintzakoa sektore feminizatu eta, ondorioz, prekarizatua dela salatzeko; ondoren, manifestazio bateratuak egin ditugu sindikatuok hiriburuetan, bakoitzak bere zutabe propioarekin. Bilboko mobilizazioan izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, eta adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean: “Zaintza sistema publiko bat eraikitzeko urratsak eman behar ditugu, eta, horretan, lehenik eta behin, zaintza lanen aitortza politiko, ekonomiko eta soziala egitea beharrezkoa da. Aitortza hori lan baldintzetara eraman behar da; kontratazioak handituz, ratioak murriztuz eta soldatak hobetuz. Bestalde, salatzen dugu zaintza ezin dela negozio iturri izan, zaintza ezin da merkantilizazioaren eta pribatizazioaren menpe egon. Zentzu honetan, behar beharrezkoa da publifikazio plan bat egitea”. Garbiñe Aranbururen hitzetan, “eredu asistentzialaren aldaketa beharrezkoa dela ikusi dugu egungo testuinguruan, eta aldaketa horretarako iruditzen zaigu adostasun soziala, eztabaida soziala, gauzatu behar dela; horretan, langileok eta sindikatuok parte hartu behar dugu, baita erabiltzaileek eta senitartekoek ere”. Idazkari nagusiaren arabera, “pandemia gogorra izaten ari da langileentzat, baina indarberrituta daude zaintza sistema publikoaren borrokan jarraitzeko. Dena den, jendarte bezala, denok egin behar dugu gogoeta eta ekarpena beste zaintza eredu baten alde urratsak emateko, guztiok gure bizitzaren etaparen batean zainduak izateko behar hori izango dugulako”. Azkenik, Garbiñe Aranburuk Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du: “Aurrekontuetan langileen aldarrikapen bakar bat ere ez da kontutan hartzen. Berriro ere, Jaurlaritzak esaten digu zaintza lanak emakumeek sostengatu behar dituztela eta modu prekarioan izan behar duela”.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak